Zentral eolikoak eskualdean

Iturenen ere eolikoak paratu nahi dituzte, Mendaur eta Sorano parajeetan

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 3a

Uztail hondarrean Abo Energy enpresako bi kide Iturengo Udaleko ordezkariekin bildu zirela baieztatu dio Jabier Bereau alkateak TTIPI-TTAPAri. Enpresa hori bera da uztailaren 30ean Zubietako alkatearekin bildu zena.

Makroproiektu eolikoen proposamenak bat bertzearen gibeletik ailegatzen ari dira eskualdera. Ernesto Dominguez Zubietako alkateak abuztu hasieran erran zion TTIPI-TTAPAri Loitzateko atakan lau eoliko paratu nahi dituela Abo Energy enpresak, bi Arantza aldera eta bertze bi Goizuetarekin mugan.

Eta aste honetan jakin du TTIPI-TTAPAk enpresa horrek berak uztail hondarrean Iturengo Udalaren atea ere jo zuela. Iturengo alkateak hala berretsi du: «Bortz eoliko paratu nahiko lituzketela erran ziguten, Mendaur eta Soranoko parajeetan, eta deskarga Hernaniko azpiestaziora joanen litzatekeela aipatu ziguten». Zubietako Udalari egindako proposamenean Loitzateko ataka ingurua aipatu zutela ikusita, litekeena bat bertzearen segida izatea.

Gaiaren inguruan Iturengo Udalaren jarreraz galdetuta, Bereauk oroitarazi du «gaur egun indarrean dagoen hirigintza planean, Mendaur eremu babestua» dela. Gehiago ere bai: «Orain onartzeko bidean dagoen planean, herriko tontor guziak babestuak geldituko dira. Horrek argi uzten du Iturengo Udalaren jarrera». Hala ere, gaineratu duenez, «herriak izanen du azken hitza».

Gaiak «herrian kezka» sortzen duela ere adierazi du, «inguruko herrietan bezalaxe». Eta abuztuaren 11n herritarrendako bilera irekia egin zutela esplikatu du, «genuen informazio guzia helarazi genien». Udalari dagokionez, uztailetik ez omen dute enpresaren berri gehiago izan eta «hainbat iturritatik informazioa biltzen» ari direla gehitu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun