Palestinari elkartasuna adierazteko keinuak zabaltzen ari dira. Horren adierazleetako bat da irailaren 10etik 20ra Tuteratik Hendaiara antolatu duten ibilaldia. Irailaren 16an ailegatuko da eskualdera, Eltzaburutik Doneztebera, eta Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak etapa horretarako autobusa antolatu du. Goizean 08:00etan aterako da Iruñetik (Antoniuttitik) Eltzaburura eta arratsaldean 19:00etan Doneztebetik Iruñera joanen da. Mendizmendi.com atarian eman behar da izena, bortz euro ordainduta. Irailaren 8a izanen da apuntatzeko azken eguna.
Egun horretako etapa 09:00etan aterako da Eltzaburutik. 12:00 aldera Leurtzako urtegietara ailegatuko direla aurreikusi dute eta han hamaiketakoa eginen dute. Etapa 27 kilometrokoa izanen da baina 13:30ean Leurtzatik Doneztebera joateko autobusa hartzeko aukera izanen da, ibilbidea ia erdira laburtuz. 15:30 aldera ailegatuko dira Doneztebera eta 16:00etan pelikula bat pantailaratuko dute eta, horrez gain, solasaldia izanen da. Izena ematerakoan bildutako dirua Palestinaren alde bideratuko du Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak.
Elkartasun keinu gehiago
Bertzalde, Establezimendu honek Gazako genozidioa gaitzesten du kanpaina eskualdera ailegatu da. Palestinaren aldeko Artistak kolektiboak duela aste batzuk paratu zuen martxan Madrilen, eta geroztik, hainbat tokitara zabaldu da. Aste honetan, adibidez, Doneztebeko komertzioek ere bat egin dute kanpainarekin eta erakusleihoetan kartelak paratu dituzte. Nahi duenak Internetetik hartzen ahal ditu.

