Palestina

Tutera eta Hendaia lotuko dituen Palestinaren aldeko ibilaldia eskualdetik pasatuko da

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 21a

Ibaitik itsasora lelopean, Palestinari elkartasuna adierazteko ibilaldia eginen dute hamaika etapatan banatuta. Irailaren 10ean Tuteran hasi eta 20an Hendaian izanen du helmuga, eta tartean, Malerrekatik, Baztandik eta Bortzirietatik pasatuko da.

Palestinaren aldeko ibilaldia aste honetan aurkeztu dute Iruñean, eta ibilaldia antolatuta, «Palestinako herriak Palestinako lurralde historikoan ibaitik itsasoraino askatasunaz, berdintasunaz eta justiziaz gozatzeko duen bidezko nahia» aldarrikatu nahi dute.

Gisa berean, alde batetik, «Euskal Herri osoan Palestinaren kausa babesten dutenen sarea ikusarazi eta aktibatu» nahi dute, eta horren harira, «Nafarroako elkarte kultural, artistiko eta musikalei jarduera horietan parte hartuz elkartasuna adierazteko» deia egin diete. «Herrietan solasaldiak, musika eta poesia topaketak, film eta dokumentalen proiekzioak, Dabke ikastaroak eta bertze adierazpen artistiko solidario batzuk eginen dira, Palestinako Herriaren genozidioa salatzeko».

Eta bertzetik, «okupazioarekin eta genozidio sionistarekin kolaboratzen duten Euskal Herriko enpresak eta erakundeak ikusaraztea eta salatzea» dute helburu. Horren hainbat adibide eman dituzte: «Bardean, Israelgo armadarekin elkarlan estuan diharduten NATOko aireko indarrek bonbardaketak egiten dituzte; CAFek Castejonen, Artikan eta Irunen ditu lantegiak eta bulegoak, eta enpresa hori tranbia lineak eraikitzen ari da Jerusalem ekialdea legez kanpo anexionatzen laguntzeko; MTorresen fabrika Israelgo armadari teknologia saltzen dion enpresa da; Osasunbideak, Nafarroako erakunde publikoak, ekonomia sionistaren alde egiten duenak, TEVA enpresa israeldarraren sendagaiak erosten ditu; Zararen ontzi intsignia Iruñean, lurralde palestinarraren legez kanpoko okupazioan inbertitzen duen eta sionismoarekin kolaboratzen duen multinazional espainiarra da; eta Carrefourrek, Frantziako multinazionalak, legez kanpoko kolonietan negozioak ditu lurralde okupatuan, eta Gazan genozidioa egiten duten soldaduei janaria oparitzen die».

Hala, «Palestinari babesa adierazi nahi dioten pertsona guziei karrikara ateratzeko eta martxarekin bat egiteko» eskatu diete, «etapetan ibiliz edo herrietan eginen diren jardueretan parte hartuz». Bertzalde, ekimenari babesa adierazteko, peto oroigarri batzuk ere salgai paratu dituzte.

Ibilaldia
  1. etapa. Irailak 10, asteazkena: Tutera-Castejon. Ebro ibaitik aterako dira, Tuteran. Bide batez, Trenasa Castejonen salaketa eginen dute. 16 kilometroko bidea izanen da, lau bat ordukoa.
  2. etapa. Irailak 11, ortzeguna: Castejon-Azkoien. 22 kilometroko bidea izanen da, bortz ordukoa.
  3. etapa. Irailak 12, ortziralea: Azkoien-Tafalla. 26 kilometroko bidea, sei ordutan.
  4. etapa. Irailak 13, larunbata: Tafalla-Soltxaga (Baldorba). 14 kilometroko etapa, lau bat orduz.
  5. etapa. Irailak 14, igandea: M. Torres (Elortz)-Noain-Iruñea-Antsoain. 20 kilometroko bidea, lau orduz. Horrez gain, manifestazioa eginen dute Iruñean. Bazkaria eta egitaraua Antsoainen izanen da.
  6. etapa. Irailak 15, astelehena: Antsoain-Larraintzar. 19 kilometroko bidea, bortz orduz.
  7. etapa. Irailak 16, asteartea: Larraintzar-Doneztebe. 26,9 kilometroko etapa, sei orduz.
  8. etapa. Irailak 17, asteazkena: Doneztebe-Elizondo. 14 kilometroko etapa, hiru orduz.
  9. etapa. Irailak 18, ortzeguna: Elizondo-Bera. Kilometroak zehaztu beharrak dituzte.
  10. etapa. Irailak 19, ortziralea: Bera-Irun. 20 kilometroko etapa, lau orduz.
  11. etapa. Irailak 20, larunbata: Irun-Hendaia. Bortz kilometroko bidea, bi orduz. Itsasora ailegatzeko azken manifestazioa eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun