Bestak 2025

«Herritarrek bestaren parte egiten gaituzte eta berezia izaten da»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 13a

Olatz GARMENDIA ALTUNA I Donamariako komentuko moja

«Azpeitiar nafarra» dela erranez aurkeztu du bere burua Olatz Garmendia Altunak, eta «emakume xumea» eta «bihotzez eta jatorriz euskalduna» dela gehitu nahi izan du. 19 urterekin sartu zen moja, eta 55 urte daramatza Donamariako karmeldarren klausurako komentuan. Aitortu duenez, «gustura» dago, «maite dugun eta gaituzten herri polit batean».

Komentuan bertan «aldaketa aunitzen» lekukoa izan da urteotan: «Ni etorri nintzenean, adibidez, oraindik lokutorioetan hesiak genituen, arropekin dena estaliak ibiltzen ginen... Orain, ordea, ez dugu hesirik eta buruko zapiarekin ibiltzen gara, baina ilea ikusten zaigu, gonak ere motzagoak dira... Ez hori bakarrik. Jendearekin hartu-eman hurbilagoa dugu, jende gehiago etortzen da, bertze komentuekin harreman gehiago dugu, heziketarako denbora gehiago dugu eta horretarako kanpora ere ateratzen gara...».  Baina aldaketa gehiago ere izan dira, eta bertzeak bertze, moja kopurua aldatu da: «Gaur egun hamahiru gara, eta lehen gehiago ginen. Erreleboa falta da. Gazteenak 47 urte ditu. Zaharrak hiltzen ari dira eta ez da berririk etortzen».

Bistakoa da Garmendiak donamariarrei dien estimua, eta maiz aipatu du haiekin duten «harreman ona». Gainera, hartu-eman hori urte osoan mantentzen dutela kontatu du: «Urteberri egunean haurrak urtatsak eskatzera etortzen dira, inauterietan normalean ere bisita egiten digute, igandetako mezara ere hurbiltzen dira, haurrak jaiotzen direlarik ezagutzeko ekartzen dizkigute, ezkondutakoan eta hurbilekoak baldin badira etortzen dira, Eguberrietako jaiotza ikustera ere etortzen dira, herriko bestetan ere bai...». Eta aurten gehiago ere bai, protagonismo berezia hartuko baitu azpeitiarrak Donamariako bestei hasiera emanen dien txupinazoa botaz. Kontent eta eskertuta mintzatu da gonbita egin diotelako. Aitortu du «sorpresa handia» izan dela, baina aldi berean «berezia eta polita»: «Gainera, aurten bete dira 65 urte karmeldarrak Donamariara etorri zirela».

«Begira emakumeak nola gauden elizan! Ez daukagu apenas tokirik. Hierarkia guzia gizonezkoena da»

Hala ere, ez da hori mojen bestetako hitzordu bakarra izanen: «Bestetako azken egunean, herri bazkari egunean, bazkalondoan, herritarrak bertsolariekin eta musikariekin bisitan etortzen zaizkigu. Jatekoa ere ekartzen digute, eta dantzan, bertsotan, kantatzen... aritzen gara. Bestaren parte egiten gaituzte eta momentu berezia izaten da». Eta hain zuzen horregatik eta urte osoan hartzen duten tratuagatik «eskerrak» eman nahi izan dizkie, baita «ETBk lau igandez gure komentutik meza eman duenean hurbildu den jende guziari» ere. Jakitun da «mezetara gero eta jende guttiago» joaten dela eta eliza ere bide beretik ikusten du: «beheraka»: «Eliza erakunde handia da, eta hain handia izanda, konplikatua da elkarrekin aitzinera egitea, munduaren alde batean eta bertze aldean bizi garenak hagitz ezberdinak garelako». Hortik haratago, «atzerakoi» hitza ere aipatu du: «Begira emakumeak nola gauden elizan! Ez daukagu apenas tokirik. Hierarkia guzia gizonezkoena da». Eta hori aldatzea garrantzitsua iruditzen zaio: « Gure bizitzaren muina hor dago, hori ez da galduko, baina elizak ez badu aitzinera egiten eta gaur egungo gizartera egokitzen ez bada, bazter batean geldituko da, hutsik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun