Lanbide aldaketa

«Aldaketa nire osasun mentalerako ona izan da eta kontent nago»

Ttipi-Ttapa 2025eko abuztuaren 10a

Joana HERNANDORENA IBARRA  I  Sunbilla

«Ez dago adinik ametsak betetzeko eta merezi du norbere bidea bilatzea». Halaxe uste du Joana Hernandorena Ibarra sunbildarrak, eta halaxe egin du berak. 23 urtez ardoaren munduan ibili da lanean, eta egun, bigarren hezkuntzan ari da irakasle. 

Ardogintzatik hezkuntzara

«Nekazaritza Ingeniari ikasketak egin nituen NUPen, eta ondotik, Enologiako graduondoa». Horrek ardogintzan lan egiteko atea ireki zion: «Lehenbiziko, Erriberrin, Nafarroako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailean aritu nintzen, kalitate kontrolaren arduradun eta Nafarroako Ardoak Dastatzeko Paneleko idazkari; eta segidan, Uvesco enpresan». Gustuko lana zuen, «pasioz maite nuen alorra lantzen nuen eta esperientzia handia lortu nuen». Bereziki Kontseilu Arautzaileko lana «orain arte izan dudan lanik gustukoena» izan dela ere aipatu du: «Han ezagutu eta maitatu nuen ardoaren mundua». Baina aldatzeko beharra sentitu zuen: «Urteak joan eta urteak etorri, baldintzak okertzen eta frustrazioa areagotzen joan ziren, eta familia eta lana bateratzea zaila egiten zitzaidan. Eta 2024an berriz ikasten hastea erabaki nuen». Erabakia hartzea «arrunt zaila» izan zela aitortu du, «batez ere ziurgabetasunagatik. Beldur nintzen, baina barrenak aldaketa behar nuela erraten zidan».

Eta hala egin zuen. Irakaskuntza du lanbide geroztik. «Praktikak Elizondon egin eta masterreko azken lana akitzen ari nintzela, urte hasieran Larraintzarko ikastetxean hasteko aukera izan nuen, eta orain Iturramako institutuan nago». Irakasle izatea «betitik izan dudan ametsetako bat» izan da beretako, eta «arrunt kontent» dago hartu duen bidearekin: «Oraingoz, izan dudan esperientzia motz honetan, argi ikusten ari naiz lanbide hau ez dela samurra, eta ikastetxe guziak desberdinak direla. Baina gustuko dut nerabeekin egotea eta haien arazoetan eta kezketan lagungarri izatea. Baliagarri sentitu naiz ikasle aunitzekin eta horrek ongi sentiarazten nau». Ofizio honetan sentitzen duen «motibazioa» ere azpimarratu du: «Hasiberria naiz eta normala da, baina momentuko bizipena positiboa izaten ari da. Adinak ematen didan esperientzia pertsonalak aunitz laguntzen dit, nahiz eta batzuetan bertze mundu batean hasteak, bertze sistema batera egokitzeko zailtasunak eta segurtasun faltak ikara ematen didan». 

Kezkak kezka, ez da damutu hartutako bidearekin. Eta ez hori bakarrik: «Lanez aldatzea nire osasun mentalerako ona izan da». Horregatik «irakaskuntzan segitu» nahi lukeela dio, «hobetzen, ikasten eta gazteei laguntzen. Ez nuke gibelera egin nahi. Pauso gogorra izan da, baina sendoa». Eta hasierara bueltatuz, «ametsak betetzeko adinik ez» dagoela oroitarazi nahi izan du: «Lanez aldatzeko beldurra izatea normala da, baina motibazioa eta ongizatea garrantzitsuagoak dira, aldaketak aukera berriak ekartzen ahal dituelako».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun