Ezin estuago baina Oizko beteranoak izanen dira laxoa txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 21a, 15:00

Finalerdietako itzulerako partidan 9-7 irabazi zion Oiz Bk Oiz Ari, baina berdinketa desegiteko 0-3 irabazi zuen Oiz Ak. Bertze finalerdiko joanekoan, Arraioz Sagardia 7-9 nagusitu zaio Doneztebe The Moment taldeari Doneztebeko Bear-Zanan.

Argazkiak: Xabier Urresti

Baztan-Errekako 45. laxoa txapelketan oiztarren arteko finalerdia ezin berdinduagoa izan da. Joan den asteburuan lehen kolpea eman zuten beteranoek, Oiz Akoek (Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Laurendi Zelaieta eta Ugutz Zelaieta), 9-7 irabazita. Igande honetan jokatu dute itzulerakoa eta oraingoan gazteak nagusitu dira, Oiz Bkoak (Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Zorion Zelaieta eta Markel Leatxe), emaitza berarekin (9-7), partida ikusgarri eta orekatu baten ondotik. Hortaz, finalista erabakitzeko hiru jokotara kitarakoa jokatu behar izan zuten eta honetakoan, berriz ere beteranotasuna nagusitu zen eta 0-3 irabazi zuen Oiz Ak, abuztuaren 2an Doneztebeko Bear-Zana pilota plazan jokatuko den finalerako txartela eskuratuz.

Bigarren txartela erabakitzeko dago oraindik, baina lehen kolpea Arraioz Sagardiak (Mikel Mindegia, Josu Etxandi, Urki Etxandi eta Aritz Alunda) eman zuen larunbat arratsaldean Bear-Zanan, azken hiru urteetan txapelduna izan den Doneztebe The Moment taldeari (Julen San Miguel, Asier Mutuberria, Josu Juanenea eta Koldo Legarra) 7-9 irabazita. Itzulerakoa Arraiozen jokatuko dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun