«Eskalatzea, gitarra jotzea, mendira joatea, natura...». Zaletasunen zerrendan horiek aipatu ditu Elur Aiestaran Mendozak (Beintza-Labaien, 2009). Egunotan, ordea, Euskarabenturan dabil. «Lagun batzuek animatuta» apuntatu zen, «gustatuko litzaidakeela erraten zidaten eta haietako bat ere apuntatuko zela. Informazioa bildu eta azkenean, animatu nintzen». Hala, «kontent» jarri zen aukeratua izan zela jakin zuenean: «Ez nintzen inoiz udalekuetan edo holako kanpaldietan ibilia. Euskarabentura dut lehenbizikoa».
Aurkeztutako sormen lanean, aldaketa klimatikoari buruz aritu zen, «natura asko gustatzen baitzait». Dokumental bat osatu zuen: «hasieran, aldaketa klimatikoa zer den esplikatuz, eta ondotik, Euskal Herriko hainbat tokitako irudiak hartuz, adibidez, errekak eta kutsadura ageri den tokiak erakutsiz». Erran duenez, «gustura» gelditu zen emaitzarekin, eta gehiago ere bai: «Gehienez bost minutuko lana behar zuen, eta justu-justu ibili nintzen, lau minutu eta 56 segundokoa egin nuen. Beti gustatu izan zait grabatzea eta luzatu nuen...», dio irri artean.
Hizkuntz ohiturei dagokienez, «herrian beti euskaraz eta lagunen artean batzuk erdaraz gehiago egiten dutela» esplikatu du, eta etxean bietatik: «aitarekin beti euskaraz, baina amak ez daki euskaraz, eta berarekin gaztelaniaz».
Bertzalde, ez dabil bakarrik Euskarabenturan, lagun bat ere hortxe du ondoan. Hala ere, «lagunak egitea» gustatuko litzaioke, baita «Euskal Herriko tokiak hobeki ezagutzea» ere.