Bestak 2025

«Peñen Egunaren falta nabaritzen dut Donezteben»

Ttipi-Ttapa 2025eko ekainaren 24a

Haizea Arozena Fresneda kartel lehiaketaren irabazlea, saria eskuetan duela.

Uda hastearekin bat ospatzen dituzte Doneztebeko bestak, eta ospakizunerako gogotsu daude herritarrak. Horietako bat da Haizea Arozena Fresneda: 15 urte ditu, eta, «Donezteben bizi den lesakar» gisa deskribatu du bere burua: «kirolzalea, alaia eta mugitua».

Hain zuzen, horiekin lotutakoak ditu afizio nagusiak: «eskubaloian jokatzea, euskal dantzak dantzatzea eta herriz herriko bestetan ibiltzea», Doneztebeko bestetako protagonistetako bat izanen da Arozena, bigarren urtez berea baita herriko bestak iragarri dituen kartela.

Aurten ere udalak azal lehiaketa antolatu du, eta herri bozketa bidez aukeratu dute  Arozenaren kartela bigarrenez  irabazle. «Herrian parte hartzeko modu polita delako»  erabaki zuen Arozenak kartela aurkeztea, eta ilusioz hartu du berea aukeratu izana bestak iragartzeko: «Beti badago aukeratua izateko esperantza ttiki bat». 

Trapatan dantza protagonista 

Doneztebeko bestetan ezinbertzeko ekitaldi horietako bat izaten den Trapatan dantza oinarri hartuta sortu du aurtengoan lana. Lan «sinbolikoa» egiten saiatu da, «Trapatan herriko ohitura zaharra denez, hori plazatzea zen lanaren helburua».

«Eskerrak eman nahi dizkiet botoa ematera joan zirenei»

Ez du kontatu zein izan den kartela osatzeko erabili duen teknika, «artista on batek ez baititu bere trukoak kontatzen», baina, prozesua zein izan den azaldu du: «Argazkiak iazko bestetan atera nituen eta lehiaketa baino hilabete lehenago hasi nintzen kartela prestatzen».

Doneztebeko azal lehiaketa bitan irabazi badu ere, ez du lehiaketaz lehiaketa ibiltzeko ohiturarik, ezta etxean horrelako lanak egitekorik ere. Hala ere, herrian bertan  bertzeren bat antolatzen badute, «ez du baztertu» bertara lanen bat aurkeztea. 

Bestak ailegatzeko gogoz

Herriko bestei begira, «gogotsu» dago Arozena: «Ilusio aunitzekin bizitzen ditut, ahal den ekintza denetara agertuz eta horietan «disfrutatuz». Bestetako oroitzapen bat aukeratzeko eskatuta, ez du zalantzarik izan urtero-urtero errepikatzen den momentu bat aukeratzeko: «txupinazoa baino lehen sortzen den urduritasun hori». Gainera, horixe du bestetako momenturik gustukoena ere, «bertan herri guztia elkartzen galerako». Bada, ordea, bestetan faltan botatzen duen ekitaldiren bat ere: «Erdi lesakarra naizenez, Peñen Eguna».

Arropa zuria, blusa eta painulu gorria prest, bestetan murgilduko da heldu den astean Arozena. Horren aitzinetik, ordea, azken mezu bat zabaldu die herritarrei zein bisitariei: «Eskerrak eman nahi dizkiet botoa ematera joan ziren denei. Euskaraz mingaina bustiz, gora sanpedro bestak eta besta onak pasa!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun