Euskaraldia

Saldiasen ere ekitaldiekin dator loraileko loraldia

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 21a, 09:00

Goizuetako Umore Ona abesbatzak kontzertua emanen du larunbatean Saldiasen. Argazkia: Felix Loiarte.

Euskaraldiari bulkalditxo bat emateko, herrian ere gure programatxoa prestatu dugu.

Testua: Markel Lizasoain.

Belarria jartzeko prest daudenek zenbat aldiz esan izan ote dute mesedez eurekin euskaraz hitz eta jolas egiteko nahiz eta bera momentuan gaztelaniaz bakarrik erantzuteko gauza izan? Esaten ere lotsatzen dira hondarrerako parekoaren pazientzia ttikia ikusirik, eta, noizbait bakarren batek egiten badie, eskertu ere bai: «Denek horrela eginen balidate, lehenago ikasiko nuke!». Orduan, kaskoan izaten ditugun lotsa horiek puskatzeko balio du Euskaraldiaren olatu kolektiboak, eta Saldiasen ere bat egin nahi dugu olatu horrekin. Hala, seinalea egiteko, zenbait ekitaldi prestatu ditugu:

Maiatzaren 23an, 19:30ean, animaziozko film bat proiektatuko dugu herriko etxeko ganbaran, eta gonbidatuta zaudete, haur eta guraso, bertan parte hartzera.

Biharamunean, hilak 24, 12:00etan, Maite Lakar euskaltzain urgazle iruindarra etorriko da, zenbait trikimailu ematera euskalkia euskara idatzian nola aprobetxatu erakusteko, hori ere herriko etxeko ganbaran.

Ilunabartxoan, 19:30ean, Ama Doloretakoaren ermitako ateak zabalduko ditugu Goizuetako koroa hartzeko, emanaldi berezia prestatu baitute errepertorio berrituarekin.

Eta, eguna behar bezala akitzeko, 21:30ean, bertso afaria izanen da Tabernean, Aitor Mendiluzerekin eta Joanes Illarregirekin, bertso eskolak antolatuta.

Saldiasko Herriko Etxeak, Malerrekako Bertso Eskolak eta Malerrekako Mankomunitateak antolatu dute egitaraua. Elkar mugituz, egin baietz!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun