Mendaurko baseliza berritzen hasiak dira

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 29a, 13:00

Helikopteroak materiala garraiatu zuen astelehenean Mendaurrera eta maiatz hasieran hasiko dira auzolanean.

Helikopteroan garraiatu dute materiala eta maiatzaren lehenetik lanean hasiko direnez, Mendaurko kaskora ez joateko eskatu dute

Mendaurko ermitaren eraberritzeko lanak hasiak dira. Apirilean herritar ugarik auzolanean bertze herritar batek utzitako Doneztebeko pabiloi batean bertako teilatua prestatzen aritu ziren. Material guztia prestatzen aritu ziren, egurrari beraien moldurak atera, idorpea pintatu eta materiala prestatu zuten. Apirileko azken larunbatean auzolan deialdia egin zuen Iturengo Udalak. Eguraldia ez zuten lagun izan eta kaskora joaterik ez zuten izan. Hala ere, urtegira material guztia garraiatzen ibili ziren. Hain zuzen ere, apirilaren 28ko arratsaldean Basque Helicopter enpresakoak herritarren laguntzarekin kaskora materiala eramaten ibili ziren

Mendaurko kaskora ez joateko eskaera

Maiatzaren lehen egunetan auzolanean lanak hastekoak dituzte. Hortaz, egunotan Mendaurko kaskora ez joateko eskaera egin dute. Jendea ikustera hurbildu daiteke, baina segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu dute.

Norbaitek bertako lanak ordaintzeko dohaintza bat egiteko asmoa baldin badu oraindik aukera dauka. Kontu korronte honetan egiten ahalko luke; ES83 2100 4785 1121 0031 2142. Azkeneko auzolan handia egin zutenean, 1963an eta urtero egindakoan ere materiala astoaren laguntzarekin egin zuten. Oraingoan berriz helikopteroaren bidez egin dute eta honek aurrekontuaren kostua igoarazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun