Inauteriak 2025

[ARGAZKIAK]: Irudi koloretsuak utzi dituzte Sunbillako inauteriek

Ttipi-Ttapa 2025ko urt. 27a, 09:45

Haizearekin ez dira ikaratu sunbildarrak, eta beti bezala, inauteri ederrak ospatu dituzte ortziraletik igandera.

Testua: Maider Petrirena. Argazkiak: Ixabel Maia, Koro Paskual, Begoña Larralde, Amets Inda, Sara Sanzberro, Goreti Anzizar, Ines Eizagirre, Maider Petrirena, Maite Ibarra, Kristina Elizondo, Amaia Arretxea eta Juan Mari Ondikol.

Ortziralea

Ortzirale goizean hasi zituzten inauteriak sunbildarrek. Gazte kuadrilla ederra bildu zen Ariztigain kanpinean eta ondotik, bi taldetan banatu eta Joxe Angel eta Modesto akordeoilariekin Mendaur eta Meaka aldeetara banatu ziren.

Bertzetik, eskolako ikasle eta irakasleek ere lan ederra egin zuten eta kalejiran atera ziren. Haur Hezkuntzakoek orkestra muntatu zuten, 1. eta 2. mailakoak rockeroz jauntzi ziren, hirugarren eta laugarren mailakoak raperoz eta borzgarren eta seigarren mailakoen gaia country musika izan zen.

Arratsean, berriz, 80 emakume bildu ziren Ulibeltzak elkartean egindako emakume afarian. Afari ederraz eta giro ezin hobeaz gozatu zuten. Bukaeran, bingo musikatua ere egin zuten, eta eskertzeko tartea ere hartu zuten. Afaria prestatzen aritu zirenei eskerrak emateko bertso eder bat kantatu zieten.

Larunbata

Larunbatean, gazteak herrian barna ibili ziren eskean Mikel Maia eta Beñat Mitxelena akordeoilariekin. Gaztetxoek, berriz, Ulibeltzak elkartean diskofesta izan zuten.

Igandea

Egun haundia izan zen atzokoa, karrozen desfilea. 06:00etarako 40 bat lagun bildu ziren Ulibeltzak elkartean lehenbiziko hiru karrozek banatzen dituzten salda, opilak gaztarekin, tortilla, gaztainak eta gainerakoak prestatzeko. Eta horiek prestatuta, 11:00etan bota zuten karrozen desfileari hasiera eman zien altxaferoa. Haize zakarra tarteko, akaso ez zen aitzineko aldietan adina jende hurbildu, baina animatu zirenek ederki gozatu zuten. Bidea betiko hiru karrozek ireki zuten: 400 litro salda, 2.500 arroltzerekin egindako tortillak, 125 litro ardo, 40 kilo irinekin egindako opilak eta 80 kilo gaztaina egin zituzten banatzeko. Ondotik, Igandea txaranga desfilea girotzeaz arduratu zen, eta musikarien ondotik, karrozak: Maritxu Popins, Olluk Larri aitzinean azeri mugikorra zutela, Asterix eta Obelix, Santiburtzio txurtx, Jubilo dance, hip hop, Albin eta Sunbillako ardillak (katagorriak), Ze auto eta ze parranda, bikingoak, mamu harrapariak, zorroztaileak, elur besta, Gure Atsuak, esneketariak...

Zozketa ere egin zuten eta 7.217, 3.173, 1.749 eta 2.479 zenbakiak izan ziren sarituak. Hiru lehenbiziko sarituak egunean bertan atera ziren, eta 2.479 zenbakiaren jabeak heldu den igandera bitarte izanen du agertzeko aukera. Horren ordezkoa 4.680 zenbakia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun