Bestak 2024

«Elgorriagako bestetara jende gehiago etortzea nahiko nuke»

Ttipi-Ttapa 2024ko uzt. 22a, 10:00

17 urte ditu Suhar Irisarrik eta hirugarren urtea du Elgorriagako bestak antolatzen.

Uztailaren 24an hasi eta 27ra arte ospatuko dituzte Santiago bestak Elgorriagan. Bestetako antolatzaileetako bat da Suhar Irisarri gaztea eta antolakuntzari eta bestei buruzko kontuak kontatu ditu.

Aurkeztu zure burua. Nor da Suhar?

Nire izena Suhar Irisarri da eta 17 urte ditut. Elgorriagakoa naiz eta Elgorriagako bestetako antolatzaileetako bat  ere banaiz.

Zein dira zure zaletasunak? 

Nire zaletasunik haundienak motoa eta futbola dira. 

Heldu den egunetan ospatuko dituzue herriko bestak. Nola antolatzen dituzue eta zenbat lagun aritzen zarete horretan? 

Bestak udalaren, Elgorriagako gazteen eta herriko jendearen artean antolatzen dira. Gu 30 gazte inguru gara bestetan eta antolaketan parte hartzen dugunak. 

Zer izaten da bestak prestatzeko orduan lan gehien ematen dizuena? 

Dena behar bezala prestatzeak ematen digu lan gehien, bestak hasi aitzinetik gauza denak ongi prestatu behar direlako. 

Zenbat urte daramatzazu herriko bestak antolatzeko lanean? 

Nire hirugarren urtea da aurtengoa bestak antolatzen ari naizela.

Zure ustez zerk egiten ditu berezi Elgorriagako bestak? 

Herriko jendearen artean sortzen den giroagatik dira bereziak Elgorriagako bestak.

Zein da bestetan zure ekitaldirik gustukoena? 

Egun hoberena gazteen kontzertuak izaten dira. Bestetatako egun batean gazteek antolatutako kontzertuak egoten dira eta egun horretan izaten da normalean bestarik haundiena. 

Eta zer dute faltan bestek? 

Falta duten gauza bakarra da bestetara jende gehiago animatzea. Denak ongi etorriak izanen dira, eta giro hagitz polita egoten da. 

Elgorriagako bestez aparte, zein herritako bestak dira gehien gustatzen zaizkizunak? Zergatik?

Gehien gustatzen zaizkidan bestak Doneztebekoak dira, Elgorriaga ondoan daudelako eta gehienetan Donezteben ibiltzen naizelako.

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Herriko bestetan zein Doneztebekoetan ongi pasatzea.

Eta epe luzera?

Elgorriagako bestak gehiago haunditzea eta jende gehiago etortzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun