Info gida 2024

«Bisitariek Doneztebe eta bere historia ezagutu nahi izaten dute»

Ttipi-Ttapa 2024ko abu. 1a, 13:00

Doneztebeko turismoa «batez ere asteburukoa edo egun pasakoa» dela azaldu du Aritz Meoki Turismo eta Hezkuntza zinegotziak; «baina udan gorakada nabaritzen da eta denbora gehiagorako etortzen dira bisitariak; batez ere familiak edo kirola egitera eta mendira datorren jendea, euskaldunak eta katalanak».

Bisitariek «herria bera ikusi nahi izaten dute, eskualdeko herrietan dugun euskal tradizioko eraikuntza mota. Historia ere ezagutu nahi izaten dute; zer nolako herria zen, dorretxeak… azalpen guztiak emateko turismo bulegoa irekitzen dugu udan». Iaz 2.000 bisitari baino gehiago erregistratu zituzten bulegoan, «eta horri bulegotik pasatu ez ziren turistak gehitu behar zaizkio, 500-1.000 bisitari inguru».

Etorkizunera begira, «alde batetik bisita gidatu bat prestatu nahi dugu, herrian zehar QR puntuak paratuta, arkitektura eta historiako azalpenak emateko. Bertze aldetik, mendira joaten diren oinezko eta bizikletentzako bideak zaindu eta sustatu nahi ditugu. Azkenik, Bidasoko Bide Berdea hagitz garrantzitsua da eta hori lantzen eta txukuntzen segituko dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun