Bestak 2024

«Ttiki-ttikitatik ari naiz judoan eta horrela segitu nahi dut»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 26a, 11:00

Andrea MINDEGIA IRIBARREN, Doneztebeko judoka

Doneztebeko bertze haur eta gazte aunitzen gisa, Erreka Kirol Elkartean eskubaloian ibilitakoa da Andrea Mindegia Iribarren (Doneztebe, 1999). «Gustura» ibili omen zen eskubaloian, baina judoa da bereziki maite duena. Agerikoa da hori bere solasetan.

Aitaren arrimuan eman zituen lehenbiziko pausoak judoan, kontatu duenez, «3-4 urterekin hasita». Geroztik, 20 urteko ibilbidean, «atta [Oskar Mindegia] eta Noelia [Ariztia]» izan ditu bidelagun eta ederki dabil, gogotsu eta ilusioz. Emaitzak dira horren erakusle. Alde batetik, joan den urteko ekainean gerriko beltza lortu zuen, eta beraz, lehenbiziko Dan-a. «Iruñean azterketa egin nuen eta aisa aprobatu nuen», kontatu du. Eta bertzetik, dagoeneko bi aldiz irabazi du Nafarroako Judo Egokituko Txapelketa: «Lehenbizikoa 2023an irabazi nuen eta bigarrena aurten. Bietan ongi moldatu nintzen». 

«Judoan irakasle lanean ere kontent ari naiz»

Judo ikasle izatetik koska bat goiti egin du aurten Mindegiak, eta «Noeliarekin batera, haurrei judoa erakusten aritzen naiz». Judoaren bueltan izanda, gustura dabil: «Ikastea eta erakustea biak gustatzen zaizkit. Irakasle lanean ere kontent ari naiz, haurrek gehienetan kasu egiten dute», erran du. Bi egunetan izaten dituzte entrenamenduak Doneztebeko kiroldegian: «astearte eta ortzegun arratsaldeetan. 18:30etik 19:30era ertainen taldearekin aritzen gara eta 19:30etik 20:30era handiekin». Hain zuzen, handien taldean ikasle izatera pasatzen da berriz. 

Alde batean edo bertzean, argi dio: «Judoan segitu nahi dut». Ez du atzendua aitaren gomendioa ere: «Beti hoberena pentsatzeko erraten dit, posible dudana egiteko eta borrokatzeko». Eta horren harira, familiaren babesa nabarmendu nahi izan du: «Familia beti ondoan dut, familiaren babes handia sentitzen dut».  

Uxanen lanean eta trikitixarekin 

Judoa da Mindegiaren zaletasun nagusia, baina ez bakarra: «Trikitixa ikasten ere ari naiz Doneztebeko Musika Eskolan. 21 urterekin hasi nintzen ikasten eta hagitz gustura nabil». Haurra zela euskal dantzetan ere ibili zen.  

Hortik aparte, lanean ere ari da: «Berako Uxane okupazio zentroan aritzen naiz, astelehenetik ortzegunera 09:00etatik 17:00etara eta ortziraletan 09:00etatik 15:00etara. Koadernatze  eta artisautza lanak egiten ditugu». 

Herriko bestei begira 

Argazkia: Alicia del Castillo.

Ate joka diren Doneztebeko bestetan ere ez du hutsik eginen. «Aunitz» gustatzen zaizkio herriko bestak, eta «bestetan dena polita» iruditzen zaiola dio. Hala ere, egitarauaren barrenean, bestetako egun handian egiten duten Trapatan dantza da beretako bereziena: «Doneztebeko dantza mitikoa da eta dantzatzera ateratzen naiz. Horixe dut gustukoena». Baina horrez gain, «arratsetan ateratzea» ere gustatzen omen zaio: «Baina goiz erretiratzen naiz etxera, biharamunean goiz mugitzeko». Ekainaren 27tik uztailaren 1era, beraz, kimonoa utzi eta bestetan murgildua ibiliko da Mindegia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun