Bestak 2024

«Hainbertze emakume indar horrekin karrikan ikustea zoragarria da»

Ttipi-Ttapa 2024ko eka. 26a, 10:00

Marta INDART ELIZONDO, Beti prest batukada taldeko kidea

Erritmoa odolean darama Marta Indart Elizondok eta, barrenean ezin eutsiz, badirudi kanpora ateratzeko modua topatu duela. Doneztebeko Beti prest batukada taldeko kidea da eta agogoa jotzen du bertan. Hogeita hamar emakumek osatzen dute taldea eta argi du zein den beraien helburua: «ongi pasatzea eta karrikako giroa piztea».

Musika eta dantza, biak uztartzen ditu batukadak eta horregatik izan du betidanik gustuko: «batukada talderen bat aditzen nuen bakoitzean hurbildu beharra izaten nuen entzutera edo haien gibeletik dantzatzera». Afrikara egindako bidaiek ere izan dute eragina: «maite dut Afrika, Senegal bereziki, eta lotura handia eta estua dut, beti zerbait berezia piztu dit barrenean». Lehenbiziko bidaia orain dela hamalau urte egin zuen Afrikara, «hasiera batean klaseak emateko, kultura ezagutzeko… bidaiatu nuen bertara, baina duela bost bat urte hango erritmo eta dantza batzuk, Sabar izenekoak, dantzatzen ikasten hasi nintzen eta perkusio pixka bat jotzen». 

Horregatik, ezin zuen galdu batukada taldeko kide izateko aukera. 2022ko urrian sortu zuten Beti prest taldea eta bi emakume izan ziren horren bultzatzaileak: «2020an hasi ziren Marisol Telletxea eta Mari Carmen San Martin batukada talde bat sortzeko ideiarekin. Hainbat saiakera egin zituzten, baina oztoporik handiena irakaslea topatzeko zailtasunak ziren». Bi urte beranduago, gutxien espero zutenean, izan omen zuten Uxoa Etxeberria iruindarraren berri: «berak baiezkoa eman eta 2022ko urri hondarrean egin genuen batukada taldeko lehenbiziko bilera».

Gaur egun, hogeita hamar taldekide dira: «denak emakumeak eta adinez ere nagusiak. Bi dira gazteagoak, baina banaz bertzeko adina 50-60 urteren bueltan dago». Irudi ederra sortzen du horrek: «hainbertze emakume elkarrekin, indar horrekin, karrikan ikustea zoragarria da». 

Joan den urtean jo zuten lehenbizikoz jendaurrean, «bestetan izan zen eta ez genuen programan jarri, zer gerta ere». Arantzoko Elkartean egindako entseguek eman zuten fruitua: «primeran atera zen, pila bat disfrutatu genuen eta hurbildu zen jendeak ere ederki pasa zuen». Hori bai, badaki batukada ez dela denen gustuko: «batzuentzat asots mortala izanen da. Beste batzuk erritmoan sartu eta gozatuko dute». Bere ustez, berezkoa den zerbait da: «ez da adin kontua, nire amak 81 urte ditu eta gustatzen zaio ikaragarri. Barrenean duzun zerbait da, sentitzeko modua, dena alde batera utzi eta erritmoan sartzera eramaten zaituena». 

Bestetan karrikan

Martxoaren 8an egin zuten hurrengo emanaldia eta ekainaren 8an atera dira azkenekoz karrikara, eskolako 50. urteurreneko festan. Bestetarako beroketa izan da: «ekainaren 30ean, eguerdian, eginen dugu batukada». Bestetako egunik berezienetako bat izanen da Martarendako, «karrika buelta egin ondotik, bazkari bat ere eginen dugulako». 

«Ikusten nuen izugarrizko sortzen zutela Aurorekin eta animatu egin nintzen»

Ez da bestetan gorriz seinalatua duen egun bakarra, azken urteetan Aurorak ere abesten ditu: «emakume talde bat ateratzen gara herritik barna kantatzera. Giro ederra izaten dugu: gosaria, bazkaria, txarangarekin dantzan… denak gara emakumeak, baina aipatzekoa da, Jose Luis San Migel Kilis izaten dugula beti akordeoiarekin laguntzen». Auroren bueltan sortzen zen giroak erakarrita eman zuen pausoa: «ikusten nuen izugarrizko saltsa sortzen zutela eta animatu egin nintzen». Argi dio: «karrikako giroa gustatzen zait, kanpoko besta eta denok bere parte izatea». Horregatik, txarangarekin ibiltzen direnean sortzen den giroa gustuko du: «pasa den urtean Gazte Eguna ere egun berean zen eta denok batera ibili ginen». Plaza andrea izan da beti: «bestetako bihotza plazan eta karrikan dagoela uste dut. Orain ez naiz aunitz ateratzen, arratsean gutxiago, baina egunekoa aunitz gustatzen zait». Badira inoiz galtzen ez dituen ekitaldiak: «San Pedro Eguneko meza gustatzen zait aunitz. Abesbatzek kantatzen duten meza oso berezia da. Trapatan dantza, Erreka dantza taldeko ikuskizunak...». 

Hobetzeko, berriz, badu proposamena: «adinez nagusiagoak direnei, 80 urtetik gorakoei, toki bat emanen nieke festetako ekitaldi guztietan. Ezin gara beraiekin oroitu soilik adinekoen egunean. Garrantzitsua iruditzen zait beraiek ere bestaren parte sentitzeko aukera izatea. Herritar guztiak elkartze hori polita iruditzen zait eta uste dut hor badagoela zer landua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun