Leire Amoros Graner

«Stock feriak gure bezeroengana hurbiltzen laguntzen digu»

Ttipi-Ttapa 2024ko ots. 21a, 15:30

Denok Bat merkatarien federazioak Baztan-Bidasoko VI. Stock Feria antolatu du martxoaren 2an eta 3an Donezteben, eta eskualdeko hamaika komertziok parte hartuko dute. Doneztebeko Artlepo - Onddo ta Punto dendako Leire Amorosek feriaren berri eman dio TTIPI-TTAPAri.

Noiz hasi zineten stock feria antolatzen?

2014an egin genuen eskualdeko lehenbiziko stock feria, eta aurtengoa 6. edizioa izanen dugu. Lehenbiziko lau edizioak Lesakan, Beran, Donezteben eta Elizondon egin genituen, txandakatuz. Iazkoa eta aurtengoa, berriz, Donezteben. Baztan-Bidasoko leku guztietatik atzigarrien dagoen puntua dela iruditzen zaigu.

Zein helbururekin?

Beti martxoa hasierako asteburu batean egin ohi dugu, komertzioek neguko produktuen likidazioa egiteko asmoarekin. Honez gain, bezeroengana hurbiltzeko modu zuzena dela iruditzen zaigu, eskualdean daukagun denden eskaintza ezagutarazteko.

Zenbat komertziok parte hartzen duzue?

Aurten 11 komertziok parte hartuko dugu ferian. Aitzineko urteetan baino pixka bat guttiago izan arren, feriarekin aurrera egin nahi izan dugu eta aukera hau eskaini bai denda eta baita bezeroei ere. Stock feria hau Denok Bat federazioak antolatzen du, eta bertan bazkide den edozein saltokik parte har dezake. Federazioan gure eskualdeko lau merkatari elkarteak (Bera, Lesaka, Elizondo eta Doneztebe) eta La Rotxako eta Sakanako merkatari elkarteak batuta gaude. Horregatik, aurten, gure eskualdeko komertzioez gain, La Rotxako merkatari elkarteko denda bat ere animatu da ferian parte hartzera.

Zein produktu mota izanen dira aurten salgai?

Batez ere arropa, oinetakoak, osagarriak, bitxiak eta optikako produktuak izanen dira.

Jendeak inguruko denden eskaintza ezagutzeko aukera ona dela uste duzue?

Gure ustez, aukera hagitz ona da jendearengana hurbiltzeko eta ezagutu ditzaten gure eskualdeko dendak eta eskaintzen ditugun produktuak. Gainera, ferian aukera izanen dute produktu horiek deskontuekin eta eskaintza bereziekin erosteko.

Eta komertzio ttikien biziraupenean laguntzen du?

Garbi dago komertzio ttikiak bizirik mantentzeko mugitu behar dugula, eta horrelako iniziatibek horretan laguntzen digute. Stock feria honek gure bezeroengana hurbiltzen laguntzen digu, eta bezero izan daitezkeenei ere gure denda eta produktuak ezagutzeko aukera eskaintzen die. Gainera, beste komertzioekin elkartzea hagitz positiboa dela iruditzen zaigu. Elkarrekin eskutik joatea garrantzitsua dela uste dugu herri eta auzoetako denda ttikiak bultzatzeko. Herri ttikiak bizirik mantendu nahi baditugu, denda ttikiak ere bizirik behar ditugu.

Jende aunitz hurbildu ohi da?

Bai, horrelako ferietara jendea mugitu ohi da. Gu hagitz gustura gaude bezeroen aldetik izan ohi dugun erantzunarekin eta horrek indarrak ematen dizkigu urtetik urtera feria antolatzen segitzeko. Bada jendea urtean zehar galdetu ohi diguna ea berriz antolatzeko asmoa dugun.

Mezuren bat zabaldu nahiko zenukete?

Aurten ere gonbidapena luzatu nahi diogu jendeari stock feria honetara etortzeko eta herrietako komertzio ttikien aldeko apustua egiteko. Animatu martxoaren 2an eta 3an Doneztebera! Asteburu guztian Ezkurra frontoian aurkituko gaituzue. Ziur gustuko zerbait topatuko duzuela!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun