Inauteriak, «gazte gaztetatik» bizi izan ditu, «haurrak ginela etxekoekin, gero kuadrillarekin eta orain familian». Lagunarteko giroa funtsezkoa izan da zaletasun horri eusteko: «inauteri giro hori gustatu izan zaigu beti. Bateko karroza, besteko showa…». Paperean sartu eta ikuskizuna eskaini izan dute behin baino gehiagotan: «urte batean Missen showa egin genuen frontoian eta uste baino jende gehiago elkartu zen ikustera».
Garai bateko inauteriak eta oraingoak alderatzeko eskatuta, «ez dutela deus ikustekorik» aipatu du: «egia da asko aldatu dela gauza: lehen herrian karroza gutxiago izaten zen, mozorrotzen zen jendea baino gutxiago… orain kuadrilla guztiek egiten dute zerbait. Karroza, karro, kotxea… dena da musika». Argi dio: «ttikitik handirako pausoa eman dute inauteriek eta giroan ere nabari da hori». Parte hartzaile kopuruan ere aldea dago, «lehenago ostegunean hamabost hogei lagun ibiltzen ginen etxez etxe. Orain ehundik gora izaten dira». Ohitura batzuk, berriz, zabaldu egin dira: «garai batean, ostiralean, etxez etxe mandarra edo zapelarekin ateratzen zen eta gauean izaten zen besta pixka bat, baina jendea ez zen mozorrotzen. Duela hogeita zortzi bat urte, gure belaunaldia, hasi ginen mozorrotzen eta orain ostirala ere egun fuertea da». Ongi gogoan du ostiralean jantzitako lehenbiziko mozorro hura: «Duo dinamicoz jantzi ginen, German eta biok. Orduko argazkiak oso ongi erakusten du inauterietan izan den aldaketa. Ostatuetan ikusten da argia piztuta, mahaiak ez zirela biltzen… jende gutxi ibiltzen zelako».
Karroza prestatzen pasatako orduak ere ez ditu ahaztuak: «gazte garaian hilabete edo gehixeagoa hartzen genuen karroza prestatzeko». Orain, berriz, «etxekoekin giro lasaiagoan ibiltzen gara eta prestatzea ere errexagoa izaten da». Inoiz ere huts egin gabe, «inauteriak gustuko dituenak beti topatzen baitu egun horietan gozatzeko modua».