Zuria eta beltza alboratu eta milaka kolore aukeratu ditu Irati Agesta Latasak bizitzaz gozatzeko. Gizarte langilea da eta pertsonekin esku hartzen hasi zenean argi ikusi omen zuen «erabaki ona izan zela. Orain biktimologian eta peritutza sozialean espezializatzen ari naiz». Erne begiratzen du ingurura eta beharrak aunitz diren arren, «zaintzaren arazoak guztia zeharkatzen» duela uste du. Egoera errotik aldatu beharko litzatekeela dio: «sistema aldatu, ezin baitugu ardura guztia norbanakoarengan utzi».
«Lagunkoi bezain bakartia» halaxe deskribatzen du bere burua eta bakardadean zein taldean denborari etekina ateratzen saiatzen da: «probatzeko eta ikasteko gogoz egoten naiz beti». Soka-tiran hasi berria da eta sorkuntza edo arteekin lotura duen edozer egitea omen du gustuko.
Bertsotan gozatuz
Duela lau urte hasi zen Malerrekako helduen bertso eskolan. Beti izan omen zuen bertsolaritza gustuko, «baina nigandik hagitz urruti zegoela iruditzen zitzaidan; ziurrenik txapelketaren irudia nuelako burutan». Unibertsitate garaian piztu zitzaion interesa: «nire adineko jendea testuinguru informaletan kantuan ikustean idealizatuta nuen hori zerbait hurbila iruditu zitzaidalako». Deskuidu bategatik, Malerrekako bertso eskolan apuntatzeko mezu bat jaso, «eta sobera pentsatu gabe izena eman nuen».
Geroztik, bertsolaritza bere egunerokoaren parte bihurtu da: «astean normalean bi alditan izaten dut hitzordua bertsotarako; Malerrekako helduen bertso eskolaz gain, baita Baztan-Malerreka inguruko bertsolari talde batekin kantuan aritzeko ere. Zorionez, beso zabalik hartu nauen talde batekin egin dut topo eta ziur nago hori gabe ez nintzela hainbertze murgilduko». Gai-jartzaile lanetan ere ibili da: «2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako taldean egon nintzen eta aunitz ikasi dut, bertsolaritzan hain ezaguna ez den alderdi bat ezagutzeko aukera eman dit eta egin beharreko lanaren garrantzia ulertu dut».
Bertsorako gaia
Inauterietan topatuko ditu, akaso, bertsotarako gai berriak: «bertso afari edo jaialdi baterako aunitz, plazaratzeko modukoak ez diren bertze hainbertze eta txapelketarako pare bat» erantzun du irriz Iratik. Kantuan hasteko aukerak ere bai: «niri oraingoz ez zait pasatzen, baina entzun izan ditut sunbildar batzuk bertsotan bai. Hori izanen da urte osoan bertsotan ariko diren egun bakarra, inauterietako giroa izanen da».
Giro berezi hori sortzeko gakoa, «herri mailan inplikazio handia dagoela da. Hiru egunez bizitzen diren arren, aurretik egindako lan handia egoten da eta herrian ere gogoak nabaritzen dira». Hiru egun eta ez du bakar bat ere galtzen Iratik: «ortziralean beti prestatzen dugu kuadrillako mozorroa; denborarekin pentsatzea gustatzen zaigu eta buelta dezente ematen dizkiogu». Hala, gogoan du urte batez Don Limpioz mozorrotu zirenekoa: «uste dut hori izan dela gure mozorro originalena». Ortziraleari lotuta, bada faltan botatzen duen momentu bat: «garai batean, 20:00 aldera dantzaldia egoten zen udaletxeko arkupeetan. Baserrietan eskean zebiltzan gazteak ere etorri ohi ziren; gogoan dut beldurra ematen zidatela, baina baita nolabaiteko zirrara ere, eta han elkartzen ginen denak, dantzan. Umetan hori zen inauterietako momentu onenetako bat. Urte dezente dira arkupeetako dantzaldia kendu zenetik».
Ortziraleko emakume afaria izaten da beste hitzordu garrantzitsua: «urte aunitzetan joan izan naiz. Giro hagitz polita sortzen da, adin guztietako herriko emakumeak biltzen dira eta gogoekin hartzen den ekitaldi bat dela iruditzen zait. Gainera, taldeka mozorrotzeko ohitura dago eta ideia hagitz originalak atera izan dira. Beti dago kuriositate puntu bat bertzeen mozorroak ikusteko».
Igandean, desfilearen txanda izaten da eta iaz desfile horren atzeko lana ezagutzeko aukera izan zuen Iratik: «desfilearen aurretik laguntzen egon nintzen eta lehenengo aldiz igande goizean dagoen giroa ezagutu nuen, aunitz gustatu zitzaidan. Herritarrak desfilean banatzen diren taloak, salda, tortilla… prestatzen egoten dira, boluntarioa da eta giro paregabea zegoela iruditu zitzaidan. Aurten ere asmo horixe dut».
Inplikazioa
Igandeko desfilea herri mailan egiten den lanaren erakusle dela uste du Iratik: «herri hain txikia izanik, marka da hainbertze orga prestatzea, horrelako giroa sortzea eta jateko eta edatekoa ere banatzea. Jendearen inplikazioa eta borondatea nabarmentzen dira, hori gabe ez litzateke posible izanen».