Eguberrien bueltan hainbat ekitaldi izanen dira heldu den egunetan Donezteben

Ttipi-Ttapa 2023ko abe. 22a, 15:00

OIentzeroren eta Mari Domingiren bisita izanen dute igandean Doneztebeko haurrek.

Kirola, kultura, zinema... denetariko ekitaldiak izanen dituzte aurtengo Eguberrietan Donezteben, eta noski, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita ere izanen dute igandean.

Abenduaren 23an hasi eta 31ra arte Eguberrietako Areto Futbol Txapelketa eginen dute kiroldegian Doneztebe Futbol Taldeak antolatuta. Abenduaren 23an, aldiz, Euskal Herriko Sokatira Txapelketa izanen da Ezkurra pilotalekuan.

Biharamunean, Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita izanen dute haurrek ilunabarrean 18:00ak aldera. Horren aitzinetik, goizean, Saioara irteera antolatu du Errekak. 07:30ean paratu dute hitzordua autobus geltokian handik Belatera joateko. 11:30ean, aldiz, haurrentzako Olentzero eta subilaren lapurreta filma emanen dute zineman.

Abenduaren 29an, ortziralean, zinema izanen da protagonista,  Ekaitz Bertiz Sunbillako zinemagile gaztearen eskutik, hiru film laburren proiekzioa izanen dute 18:30ean hasita zineman.

Urtea akitzeko, berriz, bi kirol hitzordu izanen dituzte abenduaren 31n. Goizean, Mendaurrera igoera antolatu du Erreka Elkarteak. 07:30ean elkartuko dira autobus geltokian eta 10:30ean taldeko argazkia aterako dute tontorrean. Arratsaldean, aldiz, San Silvestre lasterketa herrikoia eginen dute. 

18:00etan haurren txanda izanen da eta ondotik, helduek 3,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Bortz euro balio du izena emateak eta horren barrenean sartzen da asegurua ere. Izen ematearekin irabazitako diruaren zati bat Pequeña Guerrera elkarteari emanen dio Errekak eta opariak eta zozketak ere izanen dira parte hartzaileentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun