Euskal Herriko sokatira txapelketako bi txapel banatuko dituzte abenduaren 23an, larunbatean 17:00etan hasita Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko hirugarren eta hondarreko jardunaldia jokatuko dute. Aitzinetik, abenduaren 3an Elizondon eta hilaren 16an Busturian jokatu dituzte kategoria hauetako bi jardunaldiak eta bietan Beti Gazteko tiralariek, gizonezkoek nahiz emakumezkoek, irabazi dituzte tiraldi guztiak. Beraz, lesakarrak dira txapelak janzteko faborito nagusiak.
Kategoria hauetan, emakumezkoetan, bortz talde ari dira: Amaiur, Beti Gazte, Abadiño, Badaiotz eta Ibarra. Lehen bi jardunaldietako puntuak kontuan hartuko dituzte txapela enaterakoan eta, beraz, Beti Gaztek, 10 punturekin, nahiko bideratua dauka txapelarako ibilbidea. Ibarrak, 8 punturekin, bakarrik borrokatzen ahal dio txapela. Izan ere, bertze hiru taldeek, Amaiurrek, Abadiñok eta Badaiotzek, launa puntu dituzte.
Gizonezkoetan, berriz, Amaiur eta Beti Gazterekin batera, Abadiño, Ibarra, Murueta, Ñapurrak eta Zuraide A eta B aritu dira, baina horietatik seik lortu dute finalerako txartela: Beti Gazte, Zuraide A, Ñapurrak, Abadiño, Amaiur eta Ibarra. Gizonezkoen kasuak ez da kontuan hartuko lehen bi jardunaldietako puntuak eta, beraz, hutsetik hasiko dira Doneztebeko finalean.
Ilbeltzean Euskal Herriko bertze kategorietako txapelak eta otsailean mundiala Suedian
2024an sartuta, gizonezkoen 600 kiloko txapelketa (urtarrilaren 7an Berangon, urtarrilaren 13an Oiartzunen eta finala urtarrilaren 20an Gernikan), emakumezkoen 500 kilokoa (urtarrilaren 7an Berangon, urtarrilaren 13an Oiartzunen eta finala hilaren 27an Pobesen), gizonezkoen 560 kilokoa (jardunaldi bakarra ilbeltzaren 27an Pobesen) eta txapelketa mistoa (lehen jardunaldia urtarrilaren 14an Lesakan eta finala urtarrilaren 21ean Araban) jokoan izanen dituzte eta, bukatzeko, 23 urtez beheitiko txapelketa ilbeltzaren 28an jokatuko dute Berriozarren.
Behin Euskal Herriko lanak bukatuta, otsailaren 8tik 11ra Suediako Helsinborg hirian jokatuko da munduko txapelketa. Klub artekoan parte hartuko dute eskualdeko sokatira taldeek eta nazioartekoan, Basque Country edo Euskal Herria ordezkatzeko eskubidea irabaziko dute Euskal Herriko txapelketa irabazten dutenek.