Doneztebeko Mendaur institutuko ikasleek 'Arnasetik' lehiaketako publikoaren saria irabazi dute

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 23a, 13:30

Doneztebeko Mendaur Institutuko ikasleak saria jasotzen.

112 sormen lan aurkeztu dituzte Arnasetik lehiaketako bigarren edizioan. Atzo egin zuten sari banaketa ekitaldia Zarautzen eta bertan izan ziren eskualdeko hainbat gaztetxo. Eskualdeko lau talderen lanak zeuden finalisten artean eta ez ziren esku hutsik bueltatu. Doneztebeko Mendaur Institutuko Argoitz Erasun, Gaizka Santos, Iñaki Bazterrika eta Ander Mariezkurrenak egindako Joaldunak lanak  publikoaren saria lortu du. 1.000 lagun baino gehiagok eman dute botoa internetez, eta beraiena izan da boto gehien jaso dituen lana.

10 eta 16 urte arteko ikasleei zuzendutako bideo-sormen lehiaketa da Arnasetik. Arnasa Gara egitasmoaren barrenean, UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak antolatzen dute. Lehiaketaren bidez arnasguneetako ikasleek euskarazko sormena lantzea eta hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta egitea da helburua.

Irabazleek 500 euroko sariak lortu dituzte, Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun