Bertzeak bertze, Maloko dolmenak edo trikuharriak, Ezkaingo eta Olegiko cromlechak edo mairu-baratzeak eta Iruñarriko tumulua eta menhirra edo iruinarria aipatu ditu Malerreka Bizirik-en bere azken oharrean. Hain zuzen, horietan barna mendi martxa egin zuten joan den asteburuan, historiaurreko monumentu horien balioa aintzat hartzeko eta desagertzeko arriskuan daudela ohartarazteko.
Maloko harrian dauden dolmenen harira, Malerreka Bizirik-ek kontatu duenez, «Neolito garaian hilobi gisa erabilitakoak dira eta hilobi kolektibo horiek eguzkiari begira eraikiak dira. Eguzkiari egindako gurtza eta nekazaritza lotzen dituzte. Neolito garaian sortu zen eta aldaketa handia ekarri zuen, nomaden eta biltzaileen bizitza alde batera utzi eta nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzeko leku finko batean kokatu baitziren. Dagoeneko 5.000 urte baino gehiagoz egiten da hori Malerrekan».
Erakurri mendiko «bista ikusgarriak» ere nabarmendu ditu taldeak, eta hantxe izan ziren joan den asteburuko geldialdietako batean. Gisa honetara, bere hitzetan, «argi ikusi ahal izan zen energia enpresek euren negoziorako aerosorgailu erraldoiak paratu nahi dituzten mendilerroa, gure mendiak kolonizatuz eta industrializatuz».
Ezkain eta Olegi aldeko cromlechak edo mairu-baratzeak ere ez ditu atzendu Malerreka Bizirik: «Brontze Aroaren bukaerakoak edo Burdin Arokoak dira. Horiek ere hildakoen omenez edo gurtzeko egindako errituetan eraikitakoak izan ziren, eta litekeena da gure arbasoek konstelazioak eta zeruko gorputzak behatu eta unibertsoko energia horrekin konektatzen izana».
«Mendi sakratuak dira, ondare historiko, kultural eta arkeologiko handia dutenak»
Edozein kasutan, Malerreka Bizirik-ek garbi utzi nahi izan du «mendi sakratuak direla, ondare historiko, kultural eta arkeologiko handia dutenak. Eta hori ez da Malerrekako mendien kasua bakarrik, Nafarroakoena ere bada, eta herritarrek makroproiektu eolikoen kontra defendatzen dituzte».
Iruñarri menhirra edo iruinarria ere paratu du mahai gainean: «Harrigarria bada ere, hagitz kalkulu astronomiko zehatzak eginda paratu zuten monolito zoragarri hori, zehazki lau puntu kardinaletara orientatua baitago». Gehiago ere erran du Malerreka Bizirik-ek: «Ederki aztertutako inklinazioa du, eta, bere itzalak pertsonaren irudiaren itxura hartzen du. Eguzkiaren eta ilargiaren arabera, itzala aldatu egiten da».
Gisa horretara, «mendi horietan bizi izan ziren antzinako herritarrei buruz miresmenez» mintzatu da Malerreka Bizirik: «euren jakinduriarekin eta talentuarekin megalito ikusgarri hauek Malerrekako gainetan eta larreetan paratu zituzten». Horiek guztiak «interes kulturaleko ondasunak» direla eta, Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari egin die eskaera: «monumentu horiek babestu behar ditu».