ESTI GASTEARENA VILLANUEVA

«Entrenatzea eta konstantzia inportanteak dira herri kiroletan»

Ttipi-Ttapa 2023ko aza. 12a, 12:00

«Sunbillako herri kirol zalea» da Esti Gastearena Villanueva. Herri kirolak ez ezik, «mendia, bidaiatzea eta goizeko kafea» ere ditu gustuko sunbildarrak.

Karga emozionalaren ihesbide

2011n hasi zen Gastearena herri kirolen munduan; «anaiak izandako istripu larriaren ondotik, bizi nuen egoera emozional handiari ihes egiteko helburuarekin». Garai hartan Txantrean bizi zen, «eta Berriozar Kirol Elkartean hasi nintzen sokatiran, lagun batek gonbidatuta».

Geroztik ez du herri kirola utzi, eta hainbat probatan aritu da: «sokatiran Amaiur Sokatira Taldearekin, arpana mistoan Unai Bertizekin, harri tiratzean, ingudearekin… bertze modalitate hauetan Patxi Larretxearen Gure Kirolen Kluban entrenatzen naiz, Baztanen. Berari esker murgildu naiz sakonki mundu honetan». Hala ere, aitortu du «sokatiran eta txingetan» aritzen dela gusturago.

Plazaz plaza

Entrenatzen hasi eta hilabete eta erdira izan zuen lehendabiziko txapelketa. «Geroztik Nafarroako, Euskal Herriko eta mundu mailako txapelketetan parte hartu dut». 

Noski, horretarako entrenamenduak ezinbertzekoak dira; «txapelketa garaian, modalitatea astean bi aldiz entrenatzeaz gain, bertze ariketa fisikoekin osatzen dut entrenamendua. Hala ere, ahalik eta prestatuena plazaratzea gustatzen zait, eta aunitzetan nahiko nukeena baino guttiago entrenatua joaten naiz txapelketetara».

Gorputza entrenatzeaz gain, burua prestatzea ere garrantzitsua da; «hagitz neska urduria naiz, hortaz, taldeko kiroletan babestuago sentitzen naiz. Hala ere, ariketan sartu eta arreta lanean paratzen dudanean, jendearen oihuek eta txaloek indar haundia ematen dute. Horiek gabe lana bukatzea gehiago kostatzen da».

«Oraindik amets aunitz ditut betetzeko herri kiroletan»

Baina lanaren emaitzaz ere gozatu du Gastearenak, hainbat txapel lortu baititu lehiaketetan. Horren sekretua argi du: «entrenatzea eta konstantzia. Saiatu, saiatu eta ez etsi. Buruko lana hagitz garrantzitsua da».

Etorkizunera begira

Kirolarekin bete nahi dituen «amets aunitz» ditu sunbildarrak. Izan ere, «oraindik urte pila segitu nahi dut aktibo eta aunitz amesten dut: semearekin txapelketaren batean parte hartzea, sokatirako munduko txapelketan berriz lehiatzea edo marka saiakera bat egitea, adibidez».

Herri kirolek «hamaika bizipen» eman dizkiote: «nire euskarria den bikotea, Unai Bertiz, plazan ezagutu nuen; betiko lagunak ere egin ditut; pozez eta minez hainbat aldiz egin dut negar; zenbait besta, otordu, bidaia, momentu eta plan baztertu behar izan ditut; txapelketaz txapelketa Euskal Herria zeharkatu dut…».

Horrez gain, «herri kirolak konplexu dezente kendu dizkit. Hasi nintzenean gizonezkoentzako kiroltzat hartzen ziren eta horren aurka borrokatu behar izan dudala sentitzen dut. Glaukomaren abestiak dioen bezala: estereotipoak hausten eta gure rola zalantzan jartzen».

Izan ere, «azken urteetan aunitz indartu da emakumeen parte hartzea, eta gero eta neska gehiago plazaratzeaz gain, lanaren maila ere igotzen ari dira. Telebistan gero eta gehiago ikusten dira eta herriek ere eskatzen dute emakumezkoen presentzia erakustaldietan. Gure federazioak urteak darama ildo horretatik lanean eta uste dut fruituak ematen ari dela: Emakumezkoen Aizkora Txapelketa edota herriz herriko mistoa, adibidez».

«Herri kirolak konplexu dezente kendu dizkit»

Gainera, eskualdean segida ona ikusten dio herri kirolari; «gero eta gehiago gara. Bertze kiroletatik heldu diren neska-mutil aunitz hasi dira herri kiroletan: mendizaleak, lasterkariak, errugbilariak, crossfiteroak, txirrindulariak… erronkatzat hartzen dituzte herri kirolak eta hori hagitz aberasgarria iruditzen zait. Kirolari hagitz konpletoak daude gaur egun herri kiroletan».

Etorkizunera begira, «entrenatzea eta hobetzea» da Gastearenaren helburua; «fisikoki iraila gogorra egin zait, eritu nintzen eta oraindik horri buelta ematen ari naiz. Pena dut tartean arpana txapelketa tokatu izana, bikotekako lana denez, gure maila ematen ez utzi izanaren arantza dut Unaiekin. Agian heldu den urtean?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun