Bestak 2023

«Bestetan herriak izaten duen bizitasuna da gehien gustatzen zaidana, giro polita sortzen da»

Ttipi-Ttapa 2023ko abu. 8a, 10:00

Sunbillan bizi den 33 urteko gaztea da Josune Aguirre Maritorena. Kirola egitea, familiarekin egotea eta lagunekin otorduak egitea du gustuko, bertzeak bertze, eta denbora galtzen ez duen horietakoa da. Izan ere, herriko dantza eta herri kirol taldeko kide da, Ulibeltzak elkartean dago eta bere lana zinegotzigoarekin uztartzen du agintaldi honetan.

Kirolaz gozatzen

Duela hamar bat urte hasi zen dantzatzen taldean: «euskararekin lotura duten ekintzak gustatzen zaizkit, eta herrian bertan dantza taldea izanik, ahizparekin eta bertze bi lagunekin batera izena ematea erabaki genuen». Herriko bestetan emanaldia egiten dute urtero, «San Tiburtzio egunean, meza ondotik plazan dantzatzen dugu». Aitortu duenez, «ez zait aunitzik gustatzen jendearen aitzinean dantzatzea, akaso badakidalako ez naizela dantzari fina!». Hala ere, «uste dut momentu polita izaten dela herritarrentzako».

Dantza taldean ez ezik, herri kirol taldean ere aritzen da: «herrian herri kirolak antolatzen dituztenean parte hartzea gustatzen zait. Horretaz gain, joan den urtean Nafarroako Herri Kirol Txapelketarako taldea atera genuen eta aurten ere aterako gara». Eta dantzak eta herri kirolak gutti balira, lasterka ere aritzen da Aguirre.

Ulibeltzak

18 urterekin herriko Ulibeltzak elkartean sartu zen. «Elkarteak herriari ekarpen haundiak egiten dizkiola uste dut. Inauterietan emakumeen afaria bertan egiten da eta igandean karrozetan ematen diren salda, opilak, etab. bertan prestatzen dira, baita ondoko bazkaria ere». Bestetan, berriz, «ekitaldi aunitz elkarteak antolatuak eta finantzatuak dira: aizkora apustua, pilota partida, mus txapelketa, herri afaria…». Beraz, eragile kultural garrantzitsua da Ulibeltzak elkartea Sunbillan.

Zinegotzi lanetan

Aurten Sunbillako zinegotzi aurkeztea erabaki du, eta herriarentzako lan egitearen arrazoiak argi ditu: «lehenik eta behin, udal talde bat osatzeko. Herritarrak sartzen ez bagara, inguruko herri batzuetan gertatu den bezala udalik gabe geldituko ginateke Sunbillan, horrek guztiak ekartzen duenarekin».  Izan ere, «herri ttikietan, zerbait egin edo izateko, herritarren inplikazioa beharrezkoa da».

Agintaldi berrira begira, «hiru gazte sartu gara taldean, eta ahal den moduan herriko beharrak konpontzen saiatuko gara, kutsu gazteagoa emanez». Bertzeak bertze, bestak antolatzea da udalaren arduretako bat; «lan haundia izanen dela ez dut dudarik egiten, aurten ikusi eta probatuko dut lehenbiziko aldiz».

Udala ez ezik, Ulibeltzak elkartea ere hasi da prestaketa lanekin; «juntakideei lan potoloa egitea tokatzen zaie. Bertzeok zerbaitetan laguntzerik badugu, hor egonen gara».

Hainbertze eginbeharrekin, aspertzeko denborik ez duen gaztea da Aguirre. Baina azaldu duenez, «nahi izanez gero, denok edo gehienok behintzat, gauzak egiteko denbora dugu. Gero eta gehiago erraten dugu denborarik ez dugula, baina, denbora baino, gogo eta konpromiso falta delakoan nago».

Bestetarako gogotsu

Lana ez ezik, besta ere eginen du santiburtzioetan; «bestazalea naizela aitortu beharra dut, eta herrian bertan besta egitea bezalakorik ez dago!». Bezpera da gehien gustuko duen eguna, «adin guztietako jendea elkartzen gara, baztan zopetan lehenik eta plaza inguruan ondotik». Norbere herriko bestak beti dira bereziak: «herrian izaten den bizitasuna da gehien gustatzen zaidana, egun guztian ekitaldiak izaten dira eta herrian bertan sortzen den giroa polita da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun