Sortetxea plaza inguruan izanik , «lehen, gurasoak bizi zirenean, bertara biltzen gara bizi garen bost senideak, baina orain ez. Ni bakarrik bizi naiz Ezkurran eta orain seme-alabekin eta bilobekin biltzen gara». Herriko denda ere familiak eraman zuen Barberene borda baserrian, berrogei urte baino gehiagotan, «eta nik postari oposaketa atera nuenean utzi genuen».
Amabirjin egunean, meza aurreko txistularien musika asko gustatzen zaio Ceciliari, «baina aldi berean oroitzapen tristeak ere bai, gogoan baitut gurasoekin nola aditzen genuen balkoitik eta orain beraiek falta dira. Mezan eta meza ondotik ere jotzen dute txistulariek, polita da. Kirolak eta herri bazkaria ere gustukoak ditut. Herri ttikia gara, baina festetan aspaldian ikusi gabeko herriko seme-alabak bueltatzen dira eta beraiekin egotea eta elkartzea ere polita da, garai bateko kontuetaz aritzeko».
Hain zuzen, hainbat aizkolari eman dituen herriko alaba izateaz gain, Zigako Joxean Etxeberria aizkolariaren izeba da eta «gustukoa dut aizkoraren mundu hori. Aurten ere herri kirol saio polita izanen dugu». Abuztu erditsuan hainbat herrietako festak baldin badira ere, batzuk aski hurbil, Ezkurrakoetaz aparte ez omen du bakar bat ere probatu Ceciliak, «beti herriko festetan, aski ospakizun dotoreak dira».
Musikari dagokionez, mariatxiak gustuko ditu, «baina rocka edo bertako musika ere gustatzen zaizkit».