Bestak 2023

«Ttikitatik ikusi dut bandera dantza eta modu berezian bizi izan dugu beti etxean»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 26a, 12:00

Donezteben jaio, bizi eta ohitura zaharrak mantentzea gustuko duen doneztebarra da Eduardo Almandoz. Kirola du zaletasun, «batez ere eskubaloia, pilota, mendi ibilaldiak eta herri kirolak». Lagunekin eta familiarekin planak egitea ere gustuko du, eta noski, herriko bestak.

20 urte bandera dantzatzen

San Pedro bestetan parte hartze berezia izaten du Almandozek, izan ere, bandera dantza egiten aritu da azken 20 urteetan. «19 urterekin dantzatu nuen lehen aldiz bandera dantza», eta  geroztik, urtero aritu da. Hala ere, aitortu du «bandera dantzaz aparte, ez naiz sekula talde batekin plaza batean dantzetan aritu».

Ttikitatik ikusi izan duen ekitaldia da, «eta etxean modu berezian bizi izan dugu beti, batez ere aitak, bera ere doneztebarra baita jaiotzez. Dantza egiteko aukera sortu zitzaiaenean, duda gutti izan nituen baiezkoa emateko, niretzat berezia zelako eta banekielako etxekoei ilusio haundia eginen ziela.

Hala ere, dantzatu aitzinetik entseatu behar da; «dantzatzeko egun berezi horiek hurbildu bezala, urtero elkartzen gara musikariak, Trapatan dantzariak eta ni, eta beti egiten dugu entseguren bat».

Bi hamarkadatan dantzatzen aritzea ez da lan makala, eta honi aitortza egiteko, omenaldia egin zion joan den urtean Doneztebeko Udalak. «Sorpresa handia izan zen, arrunt polita eta eskertzekoa. Tarte hau baliatu nahiko nuke udalari eskerrak emateko eta nola ez, Juan nire lagun minari, momentu hura hain berezia egiteagatik!».

«Doneztebeko bestek beti biltzen dute jendea eta giro arrunt polita izaten da»

Aurten 21. aldiz dantzatuko du bandera, baina etorkizunera begira, «gazteren batek probatzeko gogoa duela eta dantzatzeak ilusioa eginen liokeela erratea gustatuko litzaidake. Ez ni aspertu naizelako, bandera herritar guztiena delako baizik. Aste hauetan entseatuko dugu eta probatu nahi duenak, badaki».

Besta egiteko garaia

Dantzatzeaz gain, disfrutatzeko egunak direla argi du Almandozek; «arrunt bestazalea naiz gaztetatik eta aurten ere aurkituko dugu horretarako tarteren bat. Bakoitzarentzat bere herriko bestak dira berezienak, eta Doneztebek beti biltzen du jendea. Giro arrunt polita izaten da».

Ttikitatik ditu gustuko herriko bestak; «txupinazoa eta ondotik txaranga eta txistulariekin egindako herri bueltako saltsa» ditu gogoan bereziki. Gaur egun, berriz, «San Pedro egunean meza  ondotik izaten den eliz atariko giroa» da gehien gustatzen zaiona, «arrunt polita eta berezia izaten da».

Azkenik, «ongi pasa bestak doneztebar guztiei eta herrira hurbiltzen direnei! Gora San Pedro!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun