Bestak 2023

«Prest gaude bide berri hau hasteko eta gure konpromisoak betetzeko»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 26a, 11:00

«Bi seme alaba eta Elgorriagako senarra duen Oteiza auzoko doneztebarra» da Arantxa Arregi. 23 urtez Malerrekan Bortzirietan eta Bertizaranan garapen agentea izan da, eta Lursarean lurralde garapen iraunkorreko atalaren arduraduna da orain. «Saltsa aunitzetako perrexila» da, «herriarentzat lan egiteko eta jendea aditzeko prest dagoena», eta Doneztebeko alkatea izanen da hurrengo lau urteetan.

Aitortu duenez, «lehenbiziko bileretan alkatetzarako hautagai aurkezteari ezetz erran nion, baina denbora gutti gelditzen zela, Juan Telletxeak, zerrendan bigarrenak, bera nirekin animatuko zela erran zidan. Deiak eta deiak egin ondotik, zortzi lagun elkartu ginen eta aitzinera. Attak beti erraten zuen herritar guztiok udaletxetik pasa beharko genukeela, hor barnean zer lana dagoen jakiteko».

Emaitza onak lortu dituzte hauteskundeetan, zortzi zinegotzi lortuz; «herritar askok, helduak gehienbat, eskerrak eman zizkiguten pausoa emateagatik. Azken momentura arte ezin duzu jakin zer pasatuko den, baina emaitzak ikusita hagitz kontent gaude. Eskerrik asko Doneztebe, gugan konfiantza izateagatik. Prest gaude bide berri hau hasteko eta gure konpromisoak betetzeko».

Lan handia egiteko

Azken agintaldian «lan aunitz eta hagitz ongi» egin dutela dio Arregik, «eta lehen egun hauetan, talde berriari aunitz laguntzen ari dira. Guztion partez eskerrak eman nahi dizkiet».

Hala ere, etorkizunera begiratzeko ordua du; «lan ederra dugu egiteko, eta herri bat izateko hiru arlo landu behar ditugu: etxebizitza, enplegua eta zerbitzuak. Alde zaharra triste xamar dago, etxebizitzak hutsak eta moldatu gabekoak, merkataritza geroz eta guttiago… hortan sakondu behar dugu benetako herri bat izateko, ez lo egiteko herri bat». 

Horrez gain, «klima aldaketa hemen dugu eta bizimodua moldatu behar dugu. Horretarako elkarlana beharrezkoa da; geroz eta baliabide guttiago ditugu eta nora goazen eta nolako bideak utzi nahi ditugun pentsatu behar dugu. Emaitzak segidan nahi ditugu eta ezin da. Prozesuan herritarren parte hartzea interesgarria da, elkarrekin eztabaidak sortuz eta etorkizunera begira gauzak adostuz».

Bertzeak bertze, «hor dugu zaharren egoitzako eraikuntza, geldirik, eta irtenbidea eman beharko diogu. Malerrekako udalekin eta Bortziriak, Baztan, Bertizarana eta Xaretakoekin dinamika berriak sortu nahi ditugu.Nafarroako Gobernura joatea ere tokatuko zaigu, ahalik eta laguntza gehien eskatzeko».

Hau guztia egiteko, «lehenbizi elkar ongi ezagutu behar dugu taldean; ilusioa bada, eta konpromisoa da gure lehenbiziko hitza. Bigarren, herrikoen beharrak eta nahiak aditu behar ditugu; adineko jendearengana eta gazteengana joan, soluzioak bilatu, enpresekin egon, elkarteak ezagutu… eta pausoz pauso lanean hasi». 

Bestetarako gogotsu

«Gogo handiz» bizitzen ditu Arregik Doneztebeko bestak: «egun hagitz politak dira; herriko jendea elkartzea, dantzak, korala, musika, herri bazkaria, Aurorak… giroa, alaitasuna eta hurbiltasuna».

Gaztetatik da besta zalea; «gaupasa aunitz egiten genituen, lagunekin disfrutatu, etxean amak bazkaria prestatzen zigun eta kristoren giroa bageneukan. Bazkaldu ondotik kantatzen hasten ginen, bazkalondoak luzatuz. Dirua ateratzeko ostatu bat jartzen genuen. Eta besten ondotik Larhungo kaskora joaten nintzen lanera».

Gaur egun, berriz, «San Pedro eguna eta Aurorak ateratzen garen eguna» dira gehien gustatzen zaizkionak. «Goizean kantatu, gosaldu, jokoak egin, bazkaldu eta gero txaranga eta gazteekin elkartu, dantzatu, abestu eta herritik barna buelta ederra eman. Egun zoragarria da, gutti hasi ginen baina gaur egun 30 pertsona baino gehiago elkartzen gara. Kilis San Miguel gure akordeoilariari eskerrak eman nahi dizkiot, bera gabe zaila izanen litzateke ateratzea».

Doneztebeko bestak bereziak direla dio: «Malerreka mailan lehenbiziko bestak dira, eta elkartzeko eta besta egiteko gogo haundia izaten dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun