Ttipi Txartela

«Hagitz zaila da bezeroen kontsumo ohiturak aldatzea»

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 12a, 12:00

2009an ireki zuen Natalia Rekartek Kukuka haurren arropa denda, «inguruan haur aunitz eta eskaintza eskasa ikusten genuelako»

Geroztik, «bezero mota aunitz aldatu da. Guk ireki genuenean gure betiko bezeroak zirenek gaur egun ez dute zerbitzu honen beharrik, haurrak haunditu direlako. Ez ditugu galdu, etortzen segitzen dutelako, baina erosketa maila desberdina da, opariak egiteko adibidez. Bezero berriak izan beharko luketeenek, aldiz, bertze kontsumo ohiturak dituzte; herrian erosi beharrean, kanpoan edo Internetez. Hagitz zaila da ohiturak aldatzea».

«Jaio berrietatik 16. neurrira arteko arropa» saltzen dute bertan. «Mutilena neskena baino gehiago saltzen da, neskak lehenagotik hasten baitira helduak bezala beztitu nahian. Gazteentzako arropa egiten duten marka haundiek gero eta neurri ttikiagoak egiten dituzte eta merkatua jaten ari dira».

Sasoiaren arabera egokituz, aurtengo udako arropa eskaintza prest dute, «eguraldi onarentzako behar den guztiarekin. Gainera, marka berriak ekartzen hasi gara. Modak urtero aldatzen dira eta moldatu behar gara». Baina argi du «gure herrietako negozioak bizirik mantentzeko, bertan erosten saiatu behar dugula».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun