Egun osoko plana argi dute: «goizean, 10:00ak aldera, herritar guziak elkartzen gara eta etxez etxe ibiltzen gara, arratsaldean txokolatada izaten da plazan, eta gauen denak elkartzen gara bertso afarira eta dantzatzera. Oso ongi pasatzen dugu egun horretan».
Lehenengo oroitzapenak
Ttiki-ttikitatik izan dituzte gustuko inauteriak, nahiz eta lehen «oso desberdinak» izan; «akordatzen naiz lehen gizonak bakarrik ateratzen zirela, eta gu etxeetan egoten ginen esperoan. Denek blusa iguala janzten zuten eta etxez etxe ibiltzen ziren. Bertan arraultzeak, txistorra, urdaia, gazta eta horrelakoak ematen zitzaizkien eta horiekin afariak egiten zituzten egunero. Gero gauean neskak haiekin dantzatzera ateratzen ginen, baina afaltzera ez».
«Bertze denbora bat zela» diote, baina hala ere «oso polita izaten zen eta oroitzapen oso onak ditugu. Etxera etortzen zirenean gailetak anisarekin eta kafearekin ateratzen genien, eta gero batzuk dirua ematen zieten eta bertze batzuk, dirurik eman ezin zutenak, oilo edo oilaskoren bat. Gauean afaria egiten zuten bildutakoarekin. Ederra izaten zen baina ez ginen orain bezala mozorrotzen eta ilunabarrean dantzan ibili ondotik denak etxera joaten ginen».
Gainera, «urte askotan inauteriak ospatzeari utzi zitzaion, jendea kanpora joaten zela eta. Jaionek alkatetza hartu zuelarik hasi ginen berriz, duela sei urte».
Besta berrartuz
Gaur egun, «ume, gazte, gizon eta emakume, denak elkartzen gara eta denak ibiltzen gara etxez etxe hamaiketakoa egiten. Giro desberdina dugu orain, oso polita, eta ez genuke galdu nahi. Eskerrak Jaioneri!».
Orain ahizpak urtero ateratzen dira, hutsik egin gabe; «gainera igual mozorrotzen gara eta bixkiak ematen dugu!». Argi dago oso ongi pasatzen dutela; «duela hiru urte, adibidez, behiez jantzita atera ginen eta bertsolariekin txisteak, txantxak eta kristoren parrak egin genituen!». Gainera, musika «asko» gustatzen zaie, eta «hankak izorratuak baditugu ere, musika entzutean dantzan hasten gara segidan».
Ateratzeko prest
Aurten otsailaren 25ean ospatuko dituzte inauteriak Ezkurran, eta ahizpak ateratzeko prest daude. «Oso gogotsu gaude, mozorroak prestatzen aritu gara eta koloretako ileordeekin aterako gara!». Gainera, ez dira herrikoak bakarrik aterako; «batzuk familia kanpoan dute baina eskean aritzera etortzen dira eta giro ederra sortzen da. Gazte askorik ez dago, baina umeekin batera 50-60 lagun inguru elkartzen gara eta oso egun polita da».