Arkaitz Vicente

«Lehenbiziko sektorea erakargarri egiteko zerbait egin behar da»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 11a, 12:00

Arkaitz Vicente gaztagilea.

Arkaitz VICENTE URKIJO, Sunbillako Lizun gaztandegia

Betitik izan du artzaintzatik bizitzeko ametsa, eta duela hamar-hamabortz urte eman zuen pausoa Sunbillako Lizun gaztandegiko Arkaitz Vicente Urkijok: «Hori zen nahi nuena, betitik amestu izan dudana eta erabakia hartzea ez zen zaila izan». Geroztik horixe du ogibide, eta maite du egiten duena.

Eskualdean lehenbiziko sektoreaz zer dioen galdetuta ez du egoera onean ikusten, eta bereziki, «errelebo faltak» kezkatzen du: «jende aunitz ari da lehenbiziko sektorea uzten, bai hortik bizi izan dena, baita hortik bizi ez arren beti aziendak izan dituena ere. Jendeak zahartu ahala utzi egiten du eta gazteek ez dute segitu nahi».

«Ez da lanbide bat, bizitzeko modu bat baizik»

Horren gibelean hainbat arrazoi egon daitezkeela uste du sunbildarrak. Alde batetik, erakargarritasun falta ikusten du: «Gaur egungo bizimodutik begiratuta, ez da erakargarria. Hortik bizitzeko aunitz gustatu behar zaizu. Lan lotua da, nahiz eta zuk nahi duzun bezala antolatzeko askatasuna ematen dizun». Eta bertzetik, alderdi ekonomikoan dagoen hutsunea aipatu du: «Ordu aunitz sartzen dituzu, baina horren arabera ateratzen duzun etekina ez da haundia, ez da batere errentagarria». Berak argi du: «Ez da lanbide bat, bizitzeko modu bat baizik. Hori dena kontuan hartuta, garbi dago mundu hau hobetzeko eta jendearendako, eta batez ere gazteendako, erakargarri egiteko aunitz egin behar dela». 

Bertakoaren garrantzia

Herritarren kontzientziazioaz ere aritu da Vicente: «Bertakoa kontsumitzeko gero eta kontzientzia gehiago sumatzen da. Pandemia garaian bertakoa gehiago kontsumitzen hasi ginen, baina oraindik ere gehixeago behar da». Horren harira, Ipar Euskal Herriko eredua ekarri du mahai gainera: «Iparraldean jendeak aunitzez ere kontzientzia gehiago du bertakoa kontsumitzeak duen garrantziarekin. Hemen ekonomiari edo merkeago izateari gehiago begiratzen zaio, produktua nondik heldu den edo zein baldintzatan ekoitzia izan den begiratu gabe». 

«Bertakoa kontsumituta zure eskualdea dinamizatzen ari zara»

Bertakoa kontsumitzeak egiten duen ekarpena ere nabarmendu nahi izan du. «Bertakoa kontsumitzea hagitz inportantea da. Hurbileko produktu bat jaten ari zara, segurtasuna ematen dizu badakizulako gutti goiti-beheiti nola sortua den, eta horrekin batera, jendeari bertan gelditzen laguntzen diozu, bertako ekonomiari laguntzen diozu». Laburbilduz, «bertakoa kontsumituta zure eskualdea dinamizatzen ari zara». 

«Ezagutu dugun bizi klase bat pixkanaka-pixkanaka desagertzen ari da. Hola segituz gero, lehenbiziko sektorea desagertu eginen da»

Begi onez hartu du eskualdeko udalek lehenbiziko sektorea indartzeko hartu duten ekimena: «Ezagutu dugun bizi klase bat pixkanaka-pixkanaka desagertzen ari da. Hola segituz gero, lehenbiziko sektorea desagertu eginen da, eta horri buelta emateko interesgarriak dira holako ekimenak. Ea denon artean zerbait egiten ahal dugun».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun