Lehenbiziko sektorea indartzeko eta tokiko produktuen kontsumoa sustatzeko bidea hasi dute Bortzirietan, Malerrekan eta Bertizaranan. Zehazki 2020an abiatu zuten Malerrekan eta Bertizaranan, Malerrekako Mankomunitateak bideratutako dirulaguntza bati esker elikadura sistemaren diagnostikoa egin zutenean; eta 2021ean gauza bera egin zuten Bortzirietan, Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatearen eskutik. Horrekin ekintza plan baten zirriborroa aurkeztu zuten azterketaren egileek eta 2021eko azaroan herritarrekin lansaio batzuk egin zituzten.
Saio horietan lehentasunak zehaztu eta elikadura estrategia garatzeko gakoak bilduz dokumentu bat prestatu zuten. Eta hurrengo pausoa adostutako bide orria garatzeko elikadura dinamizatzailea kontratatzea izan da. Bortzirietako, Bertizaranako eta Malerrekako hamasei udalek hitzarmena sinatu dute Cederna Garalur elkartearekin eta dinamizatzailea hartu dute. Zehatz errateko, Bertizaranako Udalak, Malerrekan Beintza-Labaien, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Urroz, Oiz, Donamaria, Sunbilla eta Ezkurrako udalek eta Bortzirietan Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako udalek kontratatu dute dinamizatzailea. Itsasne Mendiberri Jaurena da joan den irail hondarraz geroztik lan horretan ari dena. Ezaguna du gaia, bera izan baitzen lehenbiziko Malerrekan eta Bertizaranan eta gero Bortzirietan egin zituzten elikadura sistemaren diagnostikoen egileetako bat.
Hasteko antolatu
Lanean hasi denetik udal ordezkariekin, ekoizleekin eta jantoki kolektiboetako ordezkariekin, hau da, zahar etxeetako eta ikastetxeetako jantokietakoekin, bildu da Mendiberri eta «oraindik emaitzak ikusteko goizegi bada ere, orain artekoaz balorazio positiboa» egin du. Lehenbiziko lana «antolatzea» izanen dela gaineratu du: «eskualde honetan ekoizle aunitzek ez dute elkar ezagutzen, ez dute egitura formalik elkartzeko, eta lehenbiziko lana pixka bat antolatzea izanen da». Horrekin batera, ekoizleen bilduma egiten ari da, «eskualdean zein produktu ekoizten dituzten bilduz katalogazio lana egiten ari naiz, bai zuzeneko salmentaren bidez lortzen ahal diren produktuena, baita merkaturatzeko bide laburrak erabiliz inguruan eros daitezkeen produktuena ere. Izan ere, hemen inguruan badira eredu estentsiboan lan egiten duten abeltzain aunitz, baina merkaturatze bide luzeagoak erabiltzen dituzte, eta gisa horretan gehienetan produktua ez da eskualdean gelditzen».
Bidelagun
Lehenbiziko sektorea indartzea eta bertako kontsumoaren alde egitea izanen dira Mendiberriren egiteko nagusiak, baina «elikadura sektorearekin lotuta sortzen ahal diren dinamiketan bidelagun» izan nahi du. «Ekintza plana sortua da, baina horiekin lanean ari garen bitartean, bertze proposamenak sortzen badira, horietan lagundu nahi nuke». Horietako bat izan daiteke ekoizle batek martxan jarri duen hezkuntza eta baserria uztartzeko proiektua. Horretan ari da ekoizlearekin, eta «espero dut halako proposamen gehiago sortzea. Oraindik lau hilabete baino ez ditut lanean, jendeak ez nau ezagutzen eta ez dakite beraien proiektuak indartzeko nagoela. Arlo honetan behar dutenerako hemen nagoela jakitea nahi nuke».
Jantoki kolektiboekin ere lehenbiziko hartu-emanak izan ditu dinamizatzaileak eta «ekoizleak eta jantoki kolektiboak elkartzeko gune bat sortu» nahi duela aitortu du. «Eskolako jantoki batzuek gaiaren inguruan lanketa polita egin dute, baina badira nahi eta hasi ez direnak. Horiei laguntza eman nahi diet. Badaude bi zahar etxe ere, eta hango jantokietan ere zerbait egin daiteke. Ez da erraza, baina prestutasuna baldin bada, gauzak egin daitezke».
Bertzetik, epe luzera begira, «lurraren eskuragarritasunaren gaia edota lehenbiziko sektorean kolpean ez sartzeko finka esperimental bat egiteko aukera» aztertzea gustatuko litzaioke.
Lehenbiziko sektorearen egoera
Bertizaranan, Bortzirietan eta Malerrekan lehenbiziko sektorearen egoera mahai gainean paratu du elikadura dinamizatzaileak: «Baserri dezente daude, baina profesionalki horretan ari direnak ez dira aunitz. Gehientsuenek jarduera osagarritzat dute, hau da, bertze ogibide bat dute eta horren osagarri, normalki abeltzaintza dute. Frutagintza eta baratzezaintzako proiektu aunitzik ez dago». Hala ere, «lehenbiziko sektorearen aldeko apustua egiten duen jendea badela» nabarmendu du: «badira instalazio berriak eta hori pozgarria eta interesgarria da». Baina gaineratu duenez, «erretiroa hartzear dauden baserritarren kopurua hasten direnena baino haundiagoa da. Hor desoreka sumatzen da».
Gainerakoan, eremu batetik bertzera «diferentzia ttiki batzuk» sumatu ditu. Konparazio batera, «Bortzirietan badira kontsumoari lotutako hainbat ekimen martxan, eskolako jantokietan adibidez. Edo Bidazi elkartea sortu izana elikaduraren inguruan sentsibilizazioa baden seinale da. Malerrekan eta Bertizaranan, berriz, ekoizle abeltzain gehiago daude. Baina orokorrean, egoera nahiko igualtsua da».
«Denen ardura»
2020an eta 2021ean elikadura diagnostikoak egin zituztenean, egungo kontsumo ohiturak elikagai merkeetan oinarritzen direla, eta elikadura osasungarri, tokiko, ekologiko eta kalitatezkoen inguruan ez dagoela kontzientziarik ondorioztatu zuten; baita herritarren gehiengoaren erosketa ohiturak hurbileko sektorea indartzeko norabidearekin bat ez datozela ere. Mendiberriren arabera, horren aitzinean, «herritarrok badugu ardura indibidual bat. Guk erabakitzen dugu non erosi eta zer kontsumitu, erabiltzen ez dugun lur bat lehen sektorean hasi nahi duenari utzi edo ez...». Baina ez zaio bidezkoa iruditzen ardura guzia «herritar indibidualarengan bakarrik uztea. Arras garrantzitsua da eragile guzien inplikazioa, eta tartean administrazioarena. Administrazio publikoak erabakitzen du zein nekazaritza eredu sustatu edo zein kontsumo eredu bulkatu. Araudiak egiten dituzte, eta beraien esku dago zer lagundu eta zer oztopatu erabakitzea».
«Guk erabakitzen dugu non erosi eta zer kontsumitu, baina ez da bidezkoa ardura guztia herritar indibidualarengan uztea. Arras garrantzitsua da eragile guzien inplikazioa, eta tartean administrazioarena. Administrazio publikoak erabakitzen du zein nekazaritza edo zein kontsumo eredu bulkatu»
Itsasne MENDIBERRI, dinamizatzailea
Argi du guzien inplikazioarekin «lehenbiziko sektoreak duin bizitzeko aukera» izanen lukeela. Baina horretarako elikadura sistemari bere tokia aitortzea nahitaezkoa iruditzen zaio: «Elikadura sistema gizartean oinarri-oinarrian dagoen zerbait da, baina ez diogu beharko lukeen garrantzirik eman. Bertze esparru batzuei begira egon gara eta iduri du atzendu zaigula bizitzaren oinarria den elikadurarekin zer egiten ari garen».
Egoera horretan, positibotzat jo du Bertizaranan, Bortzirietan eta Malerrekan tokiko administrazioa iraunkortasunaren ikuspegi honetatik elikadura sistemarekin lanean hasi izana, «diagnosi bat egin, ekintza plan batzuk zehaztu eta horiek aitzinera ateratzeko dinamizatzailea kontratatu izana pauso bat da». Tokiko elikagaiak kontsumitzeko bidea hartu duten Bidazi elkartearen eta hainbat jantokiren bidea ere txalotu du: «Ekoizleei nolabaiteko egonkortasuna ematen ahal diete eta saltzeko tokia izanda, akaso norbait animatzen ahal da mundu horretan sartzera». Kontsumitzaileekin sortzen den harremana ere azpimarratu du «badakigu produktuak nondik heldu diren, nork egin duen, nola... Horretaz gain, gehienetan janari osasungarria da, garraioaren ondorioz sortutako kutsadura murrizten da... Pertsonak eta orokorrean ingurumena errespetatzen da». Baina hortik haratago, konbentzitua dago «badela oraindik gehiago eragiteko potentzialtasuna». Bere hitzetan, «ez gara ohartzen elikadura sistemak zenbat arlo ukitzen dituen: osasuna, ingurugiroa, harremanak, tokiko ekonomia...».
«Iduri du atzendu zaigula bizitzaren oinarria den elikadurarekin zer egiten ari garen»
Itsasne MENDIBERRI, dinamizatzailea
Herritarren kontzientzia mailaren harira, bertze pare bat kontu ere argitu nahi izan ditu. «Aunitzetan aipatzen dugu herritarrak ez gaudela kontzientziatuak. Baliteke hori izatea, baina aldi berean, kontzientziazioaz ari garelarik iruditzen zait azalean ibiltzen garela. Denok dakigu bertako produktuak erostea hobe dela, baina igual ez dakigu hortik haratago gure kontsumo ohiturekin zer eragiten ari garen». Horren harira, «deskonexioaz» ere aritu da: «Lehen maiz aipatzen zen landa eta hiri eremuen arteko deskonexioa, baina gaur egun landa eremuan bertan, ekoizten eta kontsumitzen denaren artean ere bada deskonexioa».
Bere ustez, «informazio zehatza eman behar da eta ekoizleak lanean hasi nahi badu baliabideak eta babesa behar ditu. Inbertsio guziak egiteko ardura ekoizlearen gain uzten badugu, hori berreskuratzeko zailtasun haundiak izanen ditu. Baliabideak ez badira jartzen, zaila izanen da kontsumo ohiturak aldatzea». Baina aldi berean «ez da ezinezkoa» bere ustez. «Agroindustria munstroaren aitzinean gaude, baina kalte egiten duena identifikatu eta aldatu behar dugu, bai herritarrok kontsumitzaileak garelako, baita ekoizleek ere. Gisa horretara denontzat onuragarria den elikadura sistema sortuko dugu».
«Erronka haundia»
Badaki emaitzak ez direla egun batetik bertzera etorriko; eta onartu du «erronka haundia» eta «zailtasunez betetako bidea» izanen dela. Baina bertzetik, «aukera aunitz» ikusten ditu: «Ohitura eta dinamika aunitzi buelta ematea zaila izaten ahal da, baina ohartu behar dugu zer ari garen galtzen. Eskualde honetan indar haundia izan duen lehenbiziko sektorea arriskuan egon daiteke». Akaso «urte luzez ohikoa izan den familiako nekazaritza ereduaz gain, bertzelako ereduak pentsatzeko ordua izan daiteke: familiatik kanpoko proiektu kolektiboak, erreleboa etxetik kanpoko norbaitek hartzea... Zerbait egin beharko dugu galdu nahi ez badugu».
«Elikadura lehen planora ekarri nahi nuke»
Itsasne MENDIBERRI, dinamizatzailea
Bide horretan handik eta hemendik eraginez «elikadura sistema lehenbiziko planora» eraman nahi du Mendiberrik, eta hala, erabaki guzietan presente edukitzea gustatuko litzaioke. «Adibidez, hirigintza plan bat egiterakoan, nekazaritzako lurrak kontuan hartzea, hirigintza ez baitago elikadura sistematik aparte». Udal ordezkariekin, ekoizleekin, jantokiekin, merkataritza eta turismo alorreko ordezkariekin eta orokorrean herritarrekin lanean segituko duela gaineratu du, eta «dagoeneko martxan diren dinamiketan elikaduraren gaia sartzen saiatu» nahi du, «euskara taldeetan, gazte taldeetan, kultur elkarteetan»... Guziekin «gaia landu» nahi du, baita «gauza praktikoak egin» ere. «Konparazio batera, herri bazkari batean zergatik ez ditugu bertako produktuak kontsumituko?». Argi du aitzinera egiteko «elikadura sistemaren garrantzia barneratzea» gakoa izanen dela.