Hau «hasiera» dela dio, baina «aukera onak» sor daitezkeelakoan dago. «Gure ekoizle asko ttikiak eta askotan ezezagunak dira, ez dakigu zein diren hemen eskura ditugun produktuak. Gainera, askotan bertan kontsumitzen dugu, baina zoaz jakitera erosten duguna nondik heldu den. Gauza bat da hemen kontsumitzea, eta bestea kontsumitzen duguna bertakoa izatea». Argi utzi nahi izan du «kontsumoa denon eskuetan» dagoela. Eta horren aurrean «bertako produktuen mapa egitea proposatu du, «eskualdean ekoizten dena ezagutarazteko. Herritarrek horren berri baldin badute, poliki-poliki gero eta gehiago kontsumituko dute bertako produktua».
«Proiektu indartsua da eta ea lortzen dugun behar bezala aurrera eramatea»
Lehen sektorea ez du egoera onean ikusten eta «arazorik haundiena errelebo falta» da bere hitzetan: «Gero eta baserri gutxiago ditugu eta hori denondako galera haundia da». Arrazoia «ekonomikoa» izan daitekeela aipatu du, «lan haundia eta lotura izugarria da, eta horrez gain, ez da behar bezala baloratua». Horregatik egin du lehenbiziko sektorean ari direnak «zaintzeko» deia: «ez gara ohartzen lehenbiziko sektorerik gabe jatekorik ez dugula izanen. Hemen bizi gara, eta ahal den neurrian bertan eta bertakoa erosten badugu, zentzu guzietan lagunduko dugu: bertan lan egiten duenari lagunduko diogu, baita bertan ekoizten duenari, ingurumenari...». Helburu horrekin hasi dute bidea; «proiektu indartsua da eta ea lortzen dugun behar bezala aurrera eramatea».