Begoña Alberro

«Soldata duina izanez gero aunitzek ez lukete gure zerbitzuen beharrik izanen»

Ttipi-Ttapa 2022ko abenduaren 29a

Irune Altxu gizarte hezitzailea eta Edurne Anzizar eta Begoña Alberro gizarte langileak.

Begoña ALBERRO ETXANDI, Malerrekako gizarte langilea

«Erabiltzaile kopurua ez da hainbertze haunditu izanen, baina dauden erabiltzaileen beharrak bai, eta guregana laguntza bila etortzen diren batzuen egoera nahiko larria da». Begoña Alberro Malerrekako Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetako gizarte langilearen solasak dira; Malerrekan pobreziaren deskribapen bat egiteko eskatuta hori da erantzun duena. Gehiago ere kontatu du: «Gastuak goratu dira: argindarra, gasa, jatekoa, arropak... Zailtasunak denondako areagotu dira, eta lehendik beharrean zeuden erabiltzaileendako oraindik gehiago. Ekonomikoki zailtasun gehiago dituzte hilabetea pasatzeko».

Dirulaguntzak eta elikagaiak

Malerrekako Gizarte Zerbitzuetan hilabetero Nafarroako Elikagaien Bankuko elikagaiak banatzen dituzte, eta horrez gain, Europako programa bati esker, urtean bi aldiz, elikagai banaketa egiten dugu: «Guti goiti-beheiti 32 familiari banatu dizkiegu elikagaiak hilabetero. Guztira 75 lagunek hartu dituzte». 

Dirulaguntzen tramitazioaz ere arduratzen dira, errenta bermatua dela, Malerrekako Mankomunitateak dituen larrialdietarako laguntzak direla, Nafarroako Gobernuaren ezohiko dirulaguntzak direla... Eta horiei lotutako aurtengo datuen berri eman du: «Errenta bermatua hartzeko 59 eskaera egin ditugu, horietatik 37 emakumeenak, eta gehienak adin ttikikoak dituztenak dira. Mankomunitatearen larrialdietako laguntza hartzeko 22 eskaera hartu ditugu eta Nafarroako Gobernuaren ezohiko dirulaguntzetarako zortzi eskaera».

Emakume gazteak

Bere hitzetan, emakumeak dira pobreziak gogorren jotzen dituenak, «emakume gazteak eta migranteak, adin ttikikoak dituztenak eta haurdun daudenak. Inguruan ez dute familiaren babesik edo laguntzeko sarerik, bakarrik daude, eta ezin dira lanera joan adin ttikikoak ezin baitituzte bakarrik utzi. Eskola denboran ordu batzuez lan egin dezakete, baina eskolatik kanpo edo eri daudenean zer?». 

Egoera horretan daudenek lanerako dituzten zailtasunak aipatu ditu, baina lan baldintzen auzia konpondu beharrekoa dela ere nabarmendu du: «Gutieneko soldata igotzea lortu zen, baina oraindik gehiago behar da. Soldata duina behar da bizi duina edukitzeko, hori garbi dago. Gure kasuan badira normaltasun egoeran bizitzera aisa ailegatuko ez direnak, baina badira soldata duin bat edukiz gero, gure zerbitzuen beharrik izanen ez luketen aunitz ere». 

«Badira normaltasun egoeran bizitzera aisa ailegatuko ez direnak, baina badira soldata duin bat edukiz gero, gure zerbitzuen beharrik izanen ez luketen aunitz ere»

Horrekin batera, «benetako kontziliazioa» aldarrikatu du, emakumeak ikusten baititu zigortuenak: « Emakumeen eta gizonezkoen egoera bereizi behar da. Emakumeendako zailagoa da lan munduan sartzea, haurren zaintza gehiena oraindik beraien esku baitago». Hori dela eta, «berdintasuna eta errespetua» eskatu ditu.

Jendearen ahotan maiz aditzen den kontu bati ere erantzun nahi izan dio Alberrok: «Jendeak aisa erraten du kanpotik etortzen direla eta dirulaguntzak kobratzen dituztela». Bere irudiko, «hemengo jendeak pobrezia kanpoko jendearekin identifikatzen du, baina neurri ttikiagoan bada ere, bertakoek ere eskatzen dute laguntza. Kontua da, ordea, hemen sortuak garenok inguruaren babesa dugula; deus gabe geldituko bagina, segur aski lagunduko ligukeen norbait izanen genuke hurbilean. Kanpotik etortzen direnek ez dute inor, ez dute bertze aukerarik eta horregatik behar dituzte laguntzak hasieran. Gerora, normalean, lanean hasten dira». Hori ere argi utzi nahi izan du, «lanera etortzen direla, ez batzuek erraten duten bezala, guri lana kentzera. Ez dugu atzendu behar bere garaian hemengo aunitzek ere kanporako bidea hartu zutela lan bila. Eta orokorrean bertako jendeak nahi ez dituen lanetan hasten dira». Gainera, «laguntzak kobratzea ez da hain erraza, baldintza batzuk bete behar dira, ez da gaur etorri eta bihar kobratu».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun