«Mendaurraldiaren bidez jendeak euskaraz egitea eta hausnartzea bultzatu nahi dugu, izan ere, pasabideetan ikasleen hizkuntza erabilera neurtu dugu eta ikusi dugu gure ikastetxean ikasleen erdiek baino gehiagok gaztelaniaz egiten dutela haien artean», azaldu dute ikasleek.
Hori dela eta, Mendaurraldiak iraun duen bitartean (azaroaren 18tik abenduaren 2ra) pasabideetan lokuzioak, irainak, herrien fama, hausnartzeko esaldi edota galderak, piropoak eta bertzelakoak paratu dituzte.
«Erran beharra dago gure lana ikasle nahiz irakasleei anitz gustatu zaiela. Bide batez, gainera, ikasi dute irainak, piropoak edo solas goxoak, esapideak eta bertzelakoak euskaraz nola diren». Horrez gain, ikasleak eta irakasleak zirikatu eta hausnartzera bulkatu dituzte gisa honetako esaldiekin: Euskara desagertuko balitz, zer aldatuko litzateke zure bizitzan? Nola deituko zinateke?, “Gaztelania edo ingelesa jakiteak gaztelaniadun edo ingelesdun egiten zaitu? Eta euskara jakiteak?…
Abenduaren 9an Lipdub bat grabatuko dute Malerrekako kulturaren hainbat elementu sartuz: joaldunak, dantzariak, pilotariak, laxoa jokalariak…