Bederatzi pilotarirekin hasiko da Errekak antolatutako Bortz Kirol txapelketa

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 19a, 19:00

Bortz kirol lehiaketa azaroko lehen asteburuan abiatuko da Donezteben.

Azaroaren 5ean abiatu eta abenduaren 17an jokatuko dute finala

Doneztebeko Erreka elkarteak lehen aldiz antolatutako Bortz Kirol txapelketa azaroaren 5ean abiatuko da Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Bederatzi pilotarik eman dute izena eta joko garbian, xaren, paletan, laxoa laburrean eta eskuz ariko dira, orden horretan. Partida bakoitza 20 tantora jokatuko dute eta askea tantoa galdu duen pilotariak eginen du.

David Albiasu (Narbarte), Julen Iriarte (Narbarte), Andoni Ugalde (Oiartzun), Imanol de Rueda (Doneztebe), Eloy Garcia (Doneztebe), Gorka Urtasun (Irurita), Iñaki Arzelus (Oroz Betelu), Peio Etxeleku (Donibane Lohizune) eta Jerome Karrikaburu (Donibane Garazi) izanen dira parte hartuko duten pilotariak, bi multzotan banatuak. Lehen multzoan Karrikaburu, Iriarte, Ugalde eta de Rueda izanen dira eta bigarrenean Etxeleku, Albiasu, Urtasun, Garcia eta Arzelus. Partidak larunbat eta igande arratsaldetan jokatuko dituzte, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Multzo bakoitzeko bi lehenbizikoek finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 10ean eta finala abenduaren 17an.

 

Lehen jardunaldia azaroaren 5ean eta 6an

Lehen jardunadia azaroaren 5ean eta 6an jokatuko dute. Larunbatean, Jerome Karrikaburu Julen Iriarteren kontra ariko da eta Iñaki Arzelus Eloy Garciaren kontra. Igandean, Andoni Ugalde Imanol de Ruedaren kontra eta Gorka Urtasun, David Albiasuren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun