Nafarroako hamalau herritan izanen den ‘Hamalau haratago’ erakusketa Zubietan aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 4a, 20:00
Zubietako errotan aurkeztu dute gaur Nafarroa osoko hamalau museotan ikusgai izanen den erakusketa.

Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko kultura eta kirol kontseilariak aldi bereko eta multi-egoitza den erakusketaren berri eman du gaur, Zubietako errota bisita bidenabar

Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen Museoen Zerbitzuak antolatutako ‘Hamalau haratago’ aldi baterako erakusketa aurkeztu dute gaur Zubietako errotan. Erakusketak Nafarroako Museoaren arte garaikideko hamalau lan daramatza Nafarroako bertze hainbertze museotara 2023ko urtarrilaren 17ra arte. Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko kultura eta kirol kontseilariak eman du erakusketaren berri, Ernesto Dominguez Zubietako alkatearekin eta udal ordezkariekin eta zenbait teknikari eta artistekin batera.

Nafarroako Museoak 2020an bere bildumarako eskuratu zituen pieza berriak izanen dira ikusgai. Zubietako errotako ekomuseoan June Crespo artistaren El mismo calor”/”Bero berdina eskultura (2018) paratu dute.

Erakusketa-guneak

Obrak, Zubietan ikusgai izateaz gainera, honako eremuetan ere izanen dira: Castejoneko Museoan, Greta Alfaroren Decimocuarta estación bideo-sorkuntza (2019); Jorge Oteiza Fundazio Museoan (Altzuza), Lorea Alfaroren NLB bideo sorkuntza (2019); Karlismoaren Museoan (Lizarra), Patxi Araujoren Turba instalazio performatikoa; Iruñeko Erresumaren Museo Etnografikoan (Arteta), Alfonso Ascunceren Interior margolana (2019);  Berbintzanako Las Eretas Museo eta Aztarnategi arkeologikoan, Clemente Bernaden Donde habita el recuerdo sei argazkiko seriea; Julian Gayarre Museo-Etxean (Erronkari), Miren Doizen Totem eskultura (2020); Arte Modernoaren Muñoz Sola Museoan (Tutera), Fermin Jimenez Landaren El nadador obra (5 argazki eta bideo labur bat); Henri Lenaerts Zentroan (Irurre), Elba Martinezen Me confunde todo pero sobre todo me confunde el mar bideo-sorkuntza (2007-2020); Tulebrasko Monasterioko Museoan, Amaia Molineten Es posible que la Tierra quisiera ser como antes de que existiera obra; Gustavo de Maeztu Museoan (Lizarra) Angela Morenoren Cuando los sueños van a los ojos y susurran caricias de mares agitados (ehuna, marrazkia eta grabatua, 2020); Nafarroako Museoan (Iruñea), Alicia Osesen 1. Kuadroa margolana (2011); Nafarroako Unibertsitateko Museoan  Txuspo Poyoren El cuerpo se hizo pantalla o las imágenes no caen del cielo bideo-sorkuntza (2020); eta Xabierko Gazteluaren Museoa, Teresa Sabateren Pamplona-Iruñea margolana (2016).

1972-2022 Topaketak

Erakusketa hau, 1972 Iruñeko Arte Topaketen 50. urtemuga ospatzeko ekitaldien baitan dago. Nafarroako Museoak azaldu duenez, «gure historia kultural gertuenaren abangoardia nabarmeneneko mugarria» izanen genuke hizpide. Horregatik, Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak «bere izpirituaz jantzi nahi ditu 2022ko azken hilabete hauetako jarduerak eta programazioa, Nafarroan barrena zabalduz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun