«Borroka ez dela gelditu» aldarrikatu dute pentsiodunek Donezteben

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 19a, 17:30
Gaur eguerdian Donezteben egindako elkarretaratzea.

Ikasturte honetako lehenbiziko elkarretaratzea egin dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek gaur eguerdian Donezteben, eta joan den ikasturtean egindako ekimenak eta mobilizazioak izan dituzte gogoan. Horiekin batera, ondoko asteetan eginen dituzten mobilizazioen berri eman dute. Hurrengo elkarretaratzea urriaren 17an Lesakan eginen dute.

17 lagun elkartu dira gaur eguerdian, Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, Donezteben egin duten elkarretaratzean. Bertzeak bertze, joan den ikasturtean egindako ekimenak eta mobilizazioak oroitarazi dituzte: «banketxeen zerbitzu murrizketak direla eta udaletan onartutako mozioak, pentsioen egokitzapenak benetako KPIra egokitzeko sinadura bilketa, energia iturrien prezioen gorakaden aurkako protestak, osasun zaintza eta arreta egokia izateko baliabideak jartzeko elkarretaratzeak eta pentsiodunen aldarrikapenen aldeko bizikleta martxa».

Gisa berean, «pandemia, Ukrainiako gerra eta gisa honetako aitzakiez baliaturik, bizitzeko oinarrizkoak diren baliabideen gorakada eta zerbitzuen murrizketak» egin izana salatu dute, baita «pentsioak murrizte aldera birformulatzeko iragarpena eta pribatizazio joerak, malgutu beharrean, bizitu» direla ere.

«Eskualdeko udaletan pentsiodunen mugimenduak banketxeek murriztu zituzten zerbitzuak berriz jartzeko eskatuz sartu zituen mozioak onartu zirela» oroitarazi dute, eta «zenbait zerbitzu berriz jarri zirela» nabarmendu dute. Baina «hiriburuetan eta zenbait herritan, aldundietan, eta Nafarroako eta EAEko parlamentuetan ez zituzten onartu» eta horrek «alderdi batzuen jokaera» zein den erakutsi duela adierazi dute: «pribatizazio eta zerbitzu publikoen murrizketak babesten dituzte». Banketxeen egoeraren harira, berriz, «sukurtsalak itxi, langileak murriztu eta etekinak lotsagabeki handitu» dituztela gaitzetsi dute, eta hori izan da gaurko mobilizazio aunitz erakunde horien aitzinean egitearen arrazoia.

Bertze bi data ere gogoratu dituzte pentsiodunek. Alde batetik, urriaren 1a, Adinekoen Nazioarteko Eguna: «Pentsionisten mugimenduak mobilizazioak antolatzen ari dira hiriburuetan eta zenbait herritan». Eta bertzetik, urriaren 15a, egun horretan izanen delako Madrileko Kongresuko batzarra. «Egun horretan entregatuko dira pentsioak benetako KPIren arabera egokitzeko eta generoen arteko arrakala deuseztatzeko eskatuz eta pentsio sistema publiko eta pribatizazioen kontra Euskal Herrian eta bertze herrialde batzuetan bildu dituzten 70.000 sinaduratik goiti». Gaineratu dutenez, horren harira, Madrilen mobilizazio bat eginen dute eta harat joateko autobusak dituzte Euskal Herriko hainbat tokitatik.

Hurrengo elkarretaratzeak

Gaurko elkarretaratzea ikasturte honetako lehenbizikoa izan da. Hurrengoa urriaren 17an Lesakako Plaza Zaharrean eginen dute, azaroaren 21ean Elizondoko plazan, abenduaren 19an Berako Iamotenea pareko aparkalekuan eta urtarrilaren 16an Doneztebeko eskola aitzinean; guztiak 12:00etan.

Aldarrikapen nagusiak
  1. Pentsio duinak bermatuko dituen pentsio sistema publikoa
  2. Europako Karta Sozialak aholkatzen duen modura, 1.080 euroko guttieneko pentsioa.
  3. Legez bermatuko diren pentsioen egokitzapena guttienez KPI errealaren arabera.
  4. Generoaren araberako soldata eta pentsioen arrakalarekin bukatzea.
  5. Botikaren koordainketa deuseztatzea eta baztertutako sendagaiak Gizarte Segurantzaren sistemara itzultzea.
  6. Menpekotasun Legea bere osotasunean garatzeko beharrezko diru baliabideak jartzea.
  7. Zahar etxeek, etxez etxeko zerbitzuek, eguneko zentroek eta bertzeek gestio eta jabego publikoa eta duina izatea.

Horiez gain, Baztan Bidasoko batzarretik bertze bi aldarrikapen gehitu dituzte: pentsio sistema, publikoaz gainera, propioa izatea eta nekazaritza erregimenean daudenen pentsioa kalkulatzerakoan, sistema orokorrarekin parekatzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun