Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

«Erronka handi bat da Txapelketa Nagusian parte hartzea»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 24a, 14:00

Bertsolari Txapelketa Nagusian lehenengo parte hartzea du Doneztebeko Maialen Belarra gai jartzaileak. Irunen, azaroaren 5ean jokatuko den finalaurrekoa aurkeztuko du. 

«Esperientzia berri bat, erronka berri bat, erantzukizun handi samarra eskatzen duena», halaxe aurkeztu du Maialen Belarra gai jartzaileak txapelketaren atarian sentitzen duena. Gai jartzaile taldeko kide gisa lehen txapelketa izanen du doneztebearrak, nahiz eta aitzinetik Nafarroako Bertsolari Txapelketan ere esperientzia baduen.

Ttikia zela hasi zen  bertsotan, eta 18 urte zituela kantatzeari utzi, eta bertsolaritzarekin lotuta segitzeko bertze modu bat bilatzen ari zela sartu zen gai jartzailetzara. Bortzirietako Taldekako Txapelketan egin zituen lehen urratsak, eta geroztik plazan, eta Nafarroako txapelketan aritu da: «Gai jartzailetzan gero eta gehiago aritu, orduan eta gehiago gustatzen zait. Aunitz disfrutatzen dut bertsolaritza modu honetara bizitzen», kontatu du.

Txapelketaren barrenean, gai jartzaile gisa bi lan daudela azaldu du Belarrak: «Alde batetik txapelketako gaiak sortzea, horien inguruan taldean eztabaidatzea eta saioak osatzea, eta bertze alde batetik horiek publiko aitzinean aurkeztea». Bigarrenaren garrantzia nabarmendu du: «Saioak aurkeztean bertsolariak eroso egon daitezen saiatzen gara, saioak aitzinera ateratzeko denen elkarlana beharrezkoa delako. Uste dut aunitz egiten duela oholtzan zaudela norbait ondoan duzula sentitzeak». 

Txapelketa hastear den honetan gogoz dago Belarra, eta txapelketaz disfrutatzen jakitea du erronkatzat: «Gaiak norberak sortzen dituenean aunitzetan zaila egiten zait saioaz disfrutatzea, nolabaiteko tentsiopean gaudelako, baina oro har, txapelketak aunitz emozionatzen nau, eta egia erran, prozesu osoarekin gozatzeko gogoz nago».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun