Iñigo OSTIZ

«Larunbateko txapelketa xakean disfrutatzeko goiza izatea espero dut»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 8a, 13:00

Iñigo OSTIZ ESCALADA, Doneztebeko xakelaria

Haurra zela, attarekin egin zituen xakeko piezekin lehenbiziko mugimenduak Iñigo Ostiz Escaladak (Doneztebe, 1990). Baina orain urte pare bat, konfinamendu betean, bertze pauso bat ematea erabaki zuen, «aplikazio bat deskargatu eta erregularki xakean hasi nintzen. Horrela orduak pasatzen nituen. Denbora nolabait pasatu behar…», kontatu du. Geroztik, ez du haria eten eta orain xake txapelketa antolatu du larunbaterako Donezteben.

Hasieran denbora pasatzeko bitarteko zena, gaur egun hobby bihurtu da Ostizendako. «Pixka bat biziatu» dela ere onartu du: «Hagitz gustura aritzen naiz. Xakean ikasten eta gauzak zergatik pasatzen diren ulertzen hasten zara eta gero eta gehiago lotzen zaitu». Zaletasun horrek Burlatako Mikel Gurea xake klubera eraman zuen iaz: «2021eko irailean xakeaz pixka bat gehiago ikasteko xakeko klaseetara apuntatu nintzen. Hagitz kontent nago, eta klaseak hartzeaz gain, tarteka txapelketetan parte hartzen dut».

Oraingoz «Nafarroa mailan antolatzen dituzten txapelketa batzuetan» ibili da doneztebarra. Baina gustura dabil eta horrela segitu nahi du, «pixkanaka-pixkanaka gehiago ikasiz». Kontatu digunez, eskualdean xakerako zaletasun «gutti» ikusten du, baina larunbat honetan, irailaren 10ean, Doneztebe Casino elkartean antolatu duten txapelketaren erantzunarekin gustura dago: «Oraingoz hamasei lagun apuntatu gara: gehienak doneztebarrak gara, baina bada Berako jendea, Baztango baten bat, Berriozartik bertze bi…». Halako zerbait antolatzen duten lehenbiziko aldia dute Donezteben eta «xakean disfrutatzeko goiz polita pasatzea» da espero duena.

Sistema suitzarra aukeratu dute txapelketa jokatzeko: «Hasieran zozketa bidez erabakiko dira lehenbiziko partidak. Apuntatzen den jendearen arabera, bortz edo sei partida eginen ditugu, eta irabazten dutenak irabazten dutenen kontra ariko dira. Adibidez, hirugarren jardunaldian batek bi puntu baldin baditu, bi puntu dituen jokalari baten kontra ariko da. Horixe da sistema suitzarra».

Han izanen da Ostiz ere lehian, eta irakurleei ere gonbitea luzatu nahi izan die: «txapelketa ttiki batean parte hartzea zer den probatu nahi dutenak animatu daitezela,  probatu dezatela». Norbaitek apuntatu nahi badu, ortzeguna, irailaren 8a, izanen dute azken eguna. 662 44 98 78ra deitu behar da horretarako eta bortz euro ordaindu.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun