Dorrealdia festibala ospatuko dute irailaren 9an eta 10ean Donamarian

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 7a, 16:00
Eugenio Tamayo antolatzailea eta Natalia Rekarte Donamariako alkatea, Donamariako Jauregiaren aitzinean.

Txomin eta Urbil Artolaren kontzertua eta Korrontzi taldearen ikuskizuna izanen dira jaialdian

Dorrealdia festibalaren bigarren edizioa ospatuko dute asteburu honetan Donamarian. Joan den urtean bezala, elkartasun jaialdia izanen da eta bildutako dirua Kurdistango Mirzo Music Fundaziorako (www.mirzomusicfoundation.com) izanen da.

Bi emanaldik osatuko dute aurtengo jaialdia. Irailaren 9an, ortziralea, Txomin eta Urbil Artola aita-semearen kontzertua izanen da Jauregian 20:00etan. Sarrerak salgai daude 12 eurotan. Hurrengo egunean, irailaren 10ean, larunbata, Korrontzi taldearen emanaldia izanen da, folk eta dantza ikuskizuna. Herriko pilotalekuan 20:00etan izanen da eta sarrerak 12 euro balio dute. Sarrerak online eros daitezke papeleriatamayo.com webgunearen bidez.

Bi kontzertuetan bildutako diru guztia Siriako Kurdistanen ISISek bahitutako neskak laguntzera bideratuko dute. Bortz urtez torturatuak, bortxatuak eta sexu esklabo gisara erabiliak izan ziren. Gaur egun errefuxiatu kanpamentuetan bizi dira eta musikaren eta bertze arte-diziplinen bidez, beraien bizitzak berregiten ari dira. Gani Mirzo musikariaren Mirzo Musik Fundazioaren bidez, bizipoza eta etorkizun hobe baten esperantza berreskuratzen ari dira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun