Donezteben hondakinak transferitzeko orain dagoen plantaren ondoan konposta egiteko instalazio berri bat egiteko prozedura abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 19a, 19:00

Nafarroako Hondakinen Partzuergoak, Lurralde Kohesiorako kontseilaria buru duela, konposta egiteko bi instalazio berriren proiektuak idazteko lizitazioa egin berri du, Nafarroaren erdialderako bat eta Nafarroaren iparralderako bertzea. Horrela bada, lizitazioa bi lotetan banatu dute. Zehazki, Doneztebeko proiektua garatzeko 102.000 euro esleitu dituzte eta bertze 158.000 euro Tafallako proiektua garatzeko (proiektuen erredakzioa eta obra-zuzendaritza).

Nafarroa iparraldeko konpostaje instalazioa Donezteben egitea aurreikusi dute, N-121-A errepidearen bazterrean hondakinak transferitzeko orain dagoen plantaren ondoan. Kasu honetan, Doneztebeko instalazioak urtean 3.000 tona bio-hondakin tratatzeko gaitasuna izanen luke, eta Bortzerrietako, Bertizarana-Malerrekako eta Baztango 21.800 biztanleri emanen lioke zerbitzua.

Konpostaje instalazioen ezaugarriak

Bi instalazioek etxeko bilketatik eta hondakin sortzaile handietatik datozen sukalde eta jatetxeetako hondakin biodegradagarriak tratatu eta balorizatuko dituzte. Behin hondakin horiek tratatuta, deskonposizio biologiko aerobikoaren prozesua kontrolatutako baldintzetan egin ondotik, konposta sortuko dute.
 
Bi zentro berriak Doneztebeko eta Tafallako hondakinak transferitzeko orain dauden instalazioen ondoan kokatzea aurreikusi dute, eta hartara, instalazio horiek orain dituzten sarbideak, energia elektrikoaren hornidurak, pisatzeko baskulak eta hondakin-uren tratamendua aprobetxatuko dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun