Artxiboko irudiak

1898tik 1993ra, mende eskasean, 313 sunbildar joan ziren Ameriketara artzain

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 28a, 07:00

Azkeneko 20 urteetan Sunbillan ohitura bihurtu da maiatzaren 1eko Artzain Amerikanoen Besta. 2006an ere ospatu zuten, baina urteroko egitarauan izan zuten ospakizun berezi bat: Sunbildarrak Ameriketan: Sunbilla un pueblo de emigrantes liburuaren aurkezpena. Emigrazioak Sunbillan izan duen indarraren erakusgarri, kopuru bat ematea aski da: 1898tik 1993ra, mende eskasean, 313 sunbildar joan ziren Ameriketara.

 

«Joateko txartela hartzerakoan bueltakoa ordaindu»

Argi dago beharrak bultzatzen duela sorterria utzi eta bizimodua ateratzeko kanpora joatera. Fermin Zelaieta 1958an joan zen Ameriketara. Urtebete lehenago bederatzi hilabetez Huescan aritu zen lanean: «lana gogor egin, gutti irabazi, gaizki jan... Ameriketan bagenituen lagunak eta hango berri ematen ziguten: haragi nahikoa, bakarrik egon behar zenuen baina lana erraza, hiru aldiz gehiago irabazi... Ez genuen aunitz pentsatu behar izan». Juan Luis Altzugarai berrikiago joan zen, 1982an, hau ere lan bila: «Gure tenorea ere txarra zen. Lesakan ez zuten fabrikan hartzen dagoeneko eta lan aldetik ez zen martxa sobera. Harata joan nintzen abentura gisara».

Egiazko abentura zen horrelako bidaia egitea sunbildar hauentzat eta merkantzia hutsa zirela uste du Fermin Zelaietak: «Gu paketeak ginen, paparrean gure txartelarekin joaten ginen. Harat ailegatu eta lau orduz aireportuan egon nintzen esperoan, inor ez zen agertzen. Halako batean, beltz haundi bat azaldu zen, txartela begiratu eta Coca-Cola bat eman zidan. Handik guttira bi emakume etorri ziren, bat nagusiaren arreba eta galdetu zidan: 'Euskalduna zira?'. Hura aditu nuenean, niri ateak zabaldu zitzaizkidan».

Jose Mari Arretxeak ere ongi gogoratzen du Ameriketara ailegatu zen eguna, 1965eko maiatzaren lehenean: «Aireportura ailegatu eta gizon adindu bat etorri zitzaidan erranez, 'Zer diozu? Auzotarrak gara' erranez. 1916an joandako sunbildar bat zen. Horrek bihotza hunkitu zidan».

Etxegikoak gogoratzen duenez, joateko txartela hartzerakoan bueltakoa ere ordaindu behar izan zuten, inoiz itzuliko ziren ez bazekiten ere: «Modu batean edo bertzean ez baginen ongi portatzen edo aspertuko ote ginen beldurrez, harata kobratu eta segidan honata ere kobratzen ziguten. Hilabetean 225 dolar irabazten genituen eta 295 kendu ziguten, bueltakoa ordaintzeko, hilabete eta erdiko jornala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun