Osasunaren aldeko eguna antolatu dute larunbatean Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 18a, 13:00

Egun guztian zehar ekintzak antolatu dituzte, eta bildutako dirua Saray Bularreko Minbiziaren Nafarroako Elkarteari eta LPS Lisosomales elkarteari bideratuko diote. 

10:00etan martxa arrosa eta urdina eginen dituzte herrian zehar musikaz alaiturik. Ondotik, 11:30ean bi ekintza izanen dira. Alde batetik, gaztetxoentzako mural margoketa eginen dute frontoi kanpoko frontisean, eta plazan aldiz Sarayko kideekin hitzaldia izanen da.

13:30ean bazkari solidarioa izanen da elizako aterpean. Txartelak Fonda ostatuan eta Marisol janari dendan daude salgai, eta bakoitzak bere platera, edalontzia eta mahai-tresnak eraman beharko ditu. Bazkaria bukatzean bingoa eta gazta pisaketa izanen dituzte.

16:00etan izanen du jarraipena egitarauak lehen sorospen tailerrarekin. Arreta berezia paratuko dute BBB eta desfibriladoreen erabileran, eta haurrei eta helduei zuzendua izanen da.

18:00etan bingoa izanen dute plazan, 20:00etan taloak eta eguna bukatzeko 20:30ean mexikanak Chuchin Ibañez eta Jesus Tapizen eskutik.

Egunean zehar bildutako dirua Saray eta MPS elkarteei emanen zaie.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun