22. Korrika

Korrika besta ospatu dute beintza-labaiendarrek

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 11a, 13:00

Beintza-Labaiendarrek ere euskarari bultzadatxo bat eman nahi izan diote, eta hala, alde batetik, ibilbideko kilometro bat erosi zuten, eta bestetik, Korrika Ttikia egin zuten.

Larunbat goizaldean, apirilaren 9ko 02:30 aldera, Korrikako 2.198. kilometroa korritzeko aukera izan zuten herritarrek Lozabiandik pasatu zen 22. Korrikan.

Egunez, berriz, haurren txanda izan zen eta Korrika Ttikia bizitu eta ospatu ahal izan zuten.  16:00etan herritarren arteko pala txapelketa jokatu zuten Beintzako frontoian eta bitartean, lehenik Labaienen eta ondotik Beintzan gogotsu eta ilusioz egin zuten Korrika Ttikia.

Atseden ttiki baten ondotik, herri kirolak jokatu zituzten haurrek euren artean: lokotxak, zaku lasterketa, txingak, zankoak, lasterketak…

Euskararen aldeko ospakizun honi amaiera emateko, Beintzako Orbela ostatuaren eta Zubietako talogileen eskutik, afari eder bat eskaini zuten Beintzako frontoian.

Argazkiak eta testua: Arantxa Iturralde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun