Larunbateko Zutik Egunaren balorazio positiboa egin du Malerrekako Ernaik

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 29a, 16:00

Malerrekako gaztik independentzia lelopean Zutik Eguna egin zuten larunbatean Donezteben eta Malerrekako Ernai kontent gelditu da egunak izan duen erantzunarekin: «Aldarrikapen batzuen baitan antolatutako egitaraua zen eta eskualdeko gazteen erantzuna ederra izan zen».

Malerrekako Ernaik antolatuta, egun osoan ekitaldiak izan zituzten larunbatean. Goizean, bertzeak bertze, Euskal matxinada berriak. Gaurko eta biharko eztabaidak hitzaldia eman zuen Andoni Olariagak eta antolatzaileen hitzetan, «hagitz aberasgarria izan zen». Herri kiroletan hiru herritako gazteek parte hartu zuten, eta «gazte aunitz hurbildu zen ikustera». Lehia zubietarrek irabazi zuten, baina horren gainetik «eskualdearen garaipena» nabarmendu dute, «horrelako egun baten bueltan gazteak elkartzeagatik».

Herri bazkarian 80 lagun bildu ziren eta Bittori Elizalde eta Iker Gorosterrazuren bertsolariekin «giro polita» sortu zela jakinarazi dute. Arratsaldeko aldarrikapen kalejira ere «aberasgarria izan zen, Doneztebeko karrikak aldarriz bete zirelako». Gauean, berriz, ekitaldia eta kontzertuak egin zituzten frontoian, eta «400 bat lagun bildu ziren».

Bide batez, muntatze eta desmuntatze lanetan «lagundu zuten eskualdeko gazte guziei» eta «egun bertan parte hartu zutenei» eskerrak eman nahi izan dizkie Malerrekako Ernaik.

Eta inoiz baino indartsuago zutituko bagina?

«Eta inoiz baino indartsuago zutituko bagina?». Galdera horixe aireratu zuten larunbatean Malerrekako Ernaiko kideek gaueko ekitaldian. «Gure herria injustizien aitzinean altxatzen den herria» dela nabarmendu zuten, eta «duela 500 urte suntsitu zuten Orzorrotzeko gaztelua» eta duela 500 urte izan zen Amaiurko bataila gogoan, «traba eta oztopo guzien gainetik, herri bezala burujabe izateko nahia» aldarrikatu zuten. «Duela 500 urte gertatu bazen ere, gatazka hemen dugu: espainiar eta frantziar estatuekiko lehian. Herri gisa desagerrarazi nahi izan dute Euskal Herria, ikusi dugu herriaren alde borrokatu dutenak espetxeratuak torturatuak eta erailak izan direla». Eta bide horretan, «espetxean edo erbestean dauden euskal preso eta iheslari politiko guztiei besarkada beroa» bidali zieten.

Malerrekako Ernairen ustez, «Euskal errepublika euskaldun, sozialista eta feminista bat izanda soilik gaindituko dugu gatazka. Soilik garaipenarekin akitu daitekeen borrokan bizi den herri gara. Jendarte justuagoa eraikitzeko borroka da gurea, bizitza duinak erdigunean jarriko dituena, ezberdinon arteko zubiak eraikiko dituena». Horrekin batera, «Amaiur defendatu zutenen ondorengoak» direla erran zuten, eta «edozein olatu atzerakoi eta autoritariori aurre egiteko prest» daudela argitu zuten: «Injustizia eta zapalkuntza guztiei aurre egiteko prest gaude».

Gaineratu zutenez, «ez ginen atzo sortu, borroka hari luzeetatik gatoz eta urrats berriak egiteko prest gaude, euskal matxinada berria zutik dago». Eta hala, apirilaren 14tik 17ra, Zugarramurditik Elizondora eginen den gazte martxan parte hartzeko deia eginez akitu zuten ekitaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun