Endika Barrenetxeak eta Ansa II.ak jokatuko dute 2022ko Masters txapelketako finala otsailaren 19an. Larunbatean Galarretan jokatutako finalerdian Barrenetxeak nagusitasunez irabazi zion Aritz Juanenea saldiastarrari, 30-14.
Hernaniarra nagusi izan zen hasieratik bukaerara, eta Juanenea nahi eta ezin aritu zen.
0-1 irabazten hasi zen Juanenea, baina 10-2, 21-7 eta 29-9 irabazten izan zen Barrenetxea. Hondarrean bost tanto egin zituen saldiastarrak, 30-14 galtzeko.
Jaialdiko lehenbiziko partidan, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Azpirozek 35-33 irabazi zieten Ansa II.ari eta Larrañagari. Ezkurra izan zen onena, partida gogor, polit eta orekatu batean. Hirugarren partidan ez zen horrelako berdintasunik izan eta Segurolak eta Martirenak 40-24 irabazi zieten Goikoetxea V.ari eta Aizpuru III.ari.
Eugenio Aranbururi omenaldia
Berriki hil den Eugenio Aranburu Galarretako epaileari omenaldi sentitua eskaini zioten. Koadroko hogei pilotariek agurra egin zioten Aranburu zenaren emazteari eta bi semeei. Aritz Eskuderok bertsoa bota zuen eta erremontistak banan bana pasatu ziren Aranburuk erdiko epaile gisara hartzen zuen lekutik, lore eskaintza egiteko. Eugenio Aranbururen argazki bat ere paratu zuten leku berean eta partiden ondotik familiari eman zioten.