Larunbatean jokatuko duzue Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala. Zein gorputzaldirekin zaude larunbaterako?
Kristoren gogoekin nago. Behin finalera ailegatuz gero denok nahi dugu txapela irabazi. Kuriositatea ere badut zeinek irabaziko duen ikusteko. Finalera ailegatu garenak 13 segundoko denbora tartean sailkatu gara, eta egia erran irabazteko gauzak ongi egin behar dira, ongi atera behar dira. Ilusionatuta eta gogoz nago finala egin eta pasatzeko.
Araiako sailkapen frogan erraz nagusitu zinen Beatriz Tancoren kontra. Nola sentitu zinen Araian?
Arront gustura aritu nintzen. Beatrizek sailkapen fasean azken postua eskuratu du, eta egia da nik erraz irabazi niola. Handik hamabost egunera Zestoan egin zuten hurrengo sailkapen kanporaketa, eta bertan aritu zirenak izan dira markarik onenak egin dituztenak. 36 ontzako lau enborretan bederatzi minuturen bueltan ibili gara finalerako sailkatutako denak, segundo batzuk goiti-beheiti.
«Txapela bakarra da, denek irabazi nahi dugu eta denek egingo dugu borroka irabazteko».
Maika ARIZTEGI
Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi izanen dituzu kontrario Bilboko finalean. Final estua izanen dela uste duzu?
Bai, hala izanen da. Sailkapen fasea behintzat hala izan da. Denak berdintsu ibili gara, eta finalean lan handiagoa izango da, bi enbor handiagoak dira, baina arras borrokatua izanen da. Hobekien egiten duenak irabaziko du. Ea egurrak ere onak ateratzen diren.
36 ontzako bi enbor eta 45 ontzako bertze bi moztu beharko dituzue. Nolako lana aurreikusten duzu?
Lehenengo saioan bederatzi minutu eta gehixeago igaro genuen, baina orain hamabi minutu inguruko lana aurreikusten dut. Egur onak badira lehenengoa hamabi minuturen inguru horretan ibiliko da.
Urri bukaeran aritu zinen Euskal Herriko Aizkora txapelketan. Orduko hartan Uxue Ansorregik 26 segundo atera zizkizun. Berriz bere kontra aritzeko gogoz zaude?
Orduan segundu batzuk kendu zizkian. Ni aitzinean ibili nintzen, baina bukaerarako nekatu nintzen eta adar gogor bat ere atera zitzaidan. Baina hori aitzakia da hurrengoan hobeki egiteko. Gazteak dira eta gogoz datoz, gaitasuna badute. Txapela bakarra da, denek irabazi nahi dugu eta denek egingo dugu borroka irabazteko.
Prestaketa berezirik egin ahal duzu finalerako?
Aizkoran ari naiz pixka bat. Ingudean ere bai, lehengo igandean izan nuen lehiaketa. Egia da gauza batera ez naizela ari, denetik pixka bat sartzen dut.
«Poza ematen du emakume berriak plazara datozela ikusteak»
Maika ARIZTEGI
Bilboko Bilbao Arenan izanen da finala, eta Euskal Herrian telebistaz emateaz gain, nazioartean ere zuzenean emanen dute zuen jarduna. Urduritasunik eragiten dizu horrek?
Bai. Askotan ailegatu naiz finalera, baina horrelako toki batean egiteak ematen du urduritasun gehiago. Ezin da distraitu, lanean segitu behar da, eta ea urduritasuna pasatu eta pixka bat lasaitzen naizen.
San Tomas egunean izanen duzue hurrengo proba Donostian, Urrezko kopa. Nola ikusten duzu zure burua txapelketa horretarako?
Abenduaren 21ean izanen da. Hamar emakumek eman dugu izena oraingoz, eta ez dakit oraindik egun horren aitzinetik sailkapen probarik egingo ote dugun, edo zuzenean ariko garen bertan. Normalean bost izaten gara eta. Hamar apuntatu gara aurten, eta lehia estua izanen da. Ez da erraza izanen irabaztea.
Zuretzat poza da hamar emakume plazan ikustea?
Bai, egia erran. Orain arte hiru edo lau ezin bilduz ibiltzen ginen. Orain Gipuzkoa aldetik eta atera dira gazteak sekulako gogoarekin. Kristoren poza ematen du.