Koronabirusa

Positiboek gora egin dutenez laneko martxa aldatu behar izan dutela jakinarazi dute Doneztebeko osasun zentrotik

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 12a, 10:00

Herrietako osasun zentroetan mediku-arretarik ez da egonen uztailean hainbat egunez.

Doneztebeko osasun etxeak jakinarazi duenez, Covid positiboen gorakadak lan egiteko modua aldatu du «herritarrei arreta onena eskaini ahal izateko». Hori horrela, uztailean herrietako hainbat kontsultategietan ez da erizaintzako kontsulta besterik izanen.

Lehenbiziko hamabostaldian Donamaria, Oiz, Urroz, Beintza-Labaien eta Saldiasen erizaintzako kontsulta baino ez dute izanen. Bigarren hamabostaldian, berriz, Ituren, Zubieta, Ezkurra eta Eratsungo kontsultategietan erizainarekin bakarrik hartu beharko da hitzordua. Hortaz, kontsultategi horietako mediku-arreta Doneztebeko osasun zentrotik eginen da eta zentrora joan ezin dutenak etxean artatuko dituzte.

Gainerako egunetan, ezustekorik ez bada, ohiko funtzionamendua izanen dute kontsultategiek. Bide batez, osasun etxetik, herritarrei eta establezimenduei laguntza eskatu diete, «17 eta 30 urte bitartekoen artean covid araudia betetzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun