Malerrekan eta Bertizaranan, 60-65 urtekoek apirilaren 22an hartu zuten AstraZenecaren lehenbiziko dosia eta 66-67 urtekoek maiatzaren 6an. Azken adin tarte horretakoen txertaketa aitzindu dute, eta hala, denek elkarrekin uztailaren 15ean hartuko dute.
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak joan den astean eman zuen 60-67 urtekoei bigarren dosia bi aste lehenagotik paratzeko asmoaren berri. Adierazi zuenez, AstraZenecaren fitxa teknikoak bigarren dosia lehenbizikotik hamar eta hamabi astera eman behar dela dio, eta Covid-19aren indiar aldaeraren bilakaera ikusita, bigarren dosia hamar astera aitzintzea erabaki zuten.
Toki batzuetan, ordea, ez dute data aldatu. Bortzirietan eta Leitzaldean, erraterako, iragarritako egunean txertatuko dituzte bigarren dosiarekin. Bortzirietan uztailaren 30ean Lesakako Harriondoa Kultur Etxean eta Leitzaldean bihar, osteguna, uztailaren 8an, Leitzako kiroldegian.
Baztanen, berriz, 65-67 urte bitartekoek bigarren dosia uztailaren 29an hartzekoa zuten, baina azkenean, ortziralera, uztailaren 9ra aitzintzea erabaki dute. Hala, 60-65 urtekoekin batera txertatuko dituzte, Elizondoko pilotalekuan.