INMA IBARROLA

«Ikusleen berotasuna sumatzeko gogoz gaude»

Ttipi-Ttapa 2021ko uzt. 2a, 09:00

Erreka Dantza Taldearekin entseatzen 2018an hasi zen Ibarrola.

Inma IBARROLA MARIEZKURRENA Erreka dantza taldeko kidea

Pandemia tarteko, urtebete baino gehiagoz ez du emanaldirik eman Erreka Dantza Taldeak. Hala ere, martxoaz geroztik dantzariak lanean aritu dira eta ailegatu da hori plazaratzeko momentua: uztailaren 3an, 18:30ean, Doneztebeko Bear Zana plazan (euria ari badu Ezkurra frontoian) dute hitzordua

«Ilusioa eta urduritasuna». Horixe sentitzen du Inma Ibarrola Mariezkurrenak (Doneztebe, 2002) larunbaterako, uztailaren 3rako, prestatu duten emanaldiaren atarian. Erreka Dantza Taldeko kidea gogotsu bueltatuko da plazara eta momentu horretan «pandemia aitzineko garaian» sentitu nahiko luke bere burua, berarentzat emanaldi bereziena den eta «parekorik ez duen» sanpedroetako saioan hain zuzen. 

Noiz hasi zinen dantzatzen eta noiz sartu zinen Erreka Dantza Taldean?
Zehazki ez dakit baina lau urte izanen nituen. Dantza eskolatik Erreka Dantza Taldera (EDT) 2018-2019 urte bitartean pasatu nintzen. Gaztetxoekin dantzatzen segitzen nuen arren, EDTrekin entseatzen hasia nintzen.

Batetik bertzera salto handia izan zen?
Bai. Pauso eta mugimendu berriak, seriotasuna eta erritmoa... entseguak guztiz aldatu ziren.

Zenbat lagun zarete taldean?
20 bat baina aurten entseguetan 13 elkartzen gara. Taldekide batzuek lana dute eta bertze batzuek amatasun kontuak direla-eta ezin dute parte hartu.

Nor izaten duzue entseguetan gidari?
Azken urtean taldekoen artean aritu gara dantzak elkarlanean prestatzen. Hala ere, erran behar da zaharrenak gazteagoak garenoi pausoak, dantzen mugimenduak... azaltzen aritzen direla. Taldean adin aunitzetakoak gaude eta horrek berezi eta aberasgarri egiten gaitu.

Urte berezia zen 2020a zuentzat baina pandemiak dena hankaz goiti paratu zuen...
2020ko apirilean ospatu behar genuen EDTren hamargarren urteurrena, gogotsu aritu ginen lanean, baina zoritxarrez, pandemia ailegatu zen eta ezin izan genuen ekitaldia aitzinera eraman. Ondotik, entseguak eten behar izan genituen. Eguberrietan entsegu pare bat egin genituen arren, berriz ere seriotasunez eta astero-astero entseatzen martxoan hasi ginen. Astean bitan bildu gara eta emanaldia hurbildu ahala gehiagotan.

Nolakoa izan zen buelta?
Hasteko irrikitan geunden eta nabaritu da. Hala ere, osasun neurriek errendimendua  pixka bat oztopatu dute. Egia erran niri nahiko aldapatsua egin zait, dantza aunitz ez nituen sekula ikasiak eta, beraz, hutsetik hasi behar izan dut. 

Noiz izan zenuten azken emanaldia?
Ekainaren 12an Mendi Abesbatzak antolatutako saioan abesti pare bat antzeztu genituen. Horien aitzinetik azkena zein izan zen ez dut buruan baina 2019ko Eguberrietakoa zela uste dut. Azken Eguberrietan zerbait antolatzen saiatu ginen baina ezin izan genuen egin. Hortaz, 'Hator, hator' dantzatu, grabatu eta Xabi Iriarteren laguntzaz  bideo bat egin genuen.  

Uztailaren 3an plazara bueltatuko zarete...
Geldialdiaren ondoren berriz ere entsegatzen hasi ginenean, bestetako seinale moduan zerbait antolatu behar genuela argi izan genuen. Beraz, ideia martxoan sortu zen baina, ideia fintzen eta forma ematen apirilean hasi ginen. Ilusio handiz prestatu dugun uztailaren 3ko ekitaldira herriko eta inguruko jende aunitz hurbiltzea espero dugu.

Hamargarren urteurreneko ekitaldia izanen da ikusiko duguna?
Ez, ez da berbera izanen. Uztailaren 3rako, besten seinale moduan, aitzinetik antzezturiko dantza sorta esanguratsu batzuk bildu dugu.

Zer du bereizgarri emanaldi horrek?
EDTren itzulera izanen da eta, gainera, aspaldi ez dugu emanaldirik eman. Ikusleen berotasuna sentitzeko aukera izanen dugu. Emanaldia Bear Zana plazan (euria ari badu Ezkurra frontoian) eginen dugu urteroko bestetako emanaldia egiten genuen moduan, eta beraz, pandemiaren aitzineko garaietara itzuli eta une zoriontsu horiek gogora ekarri eta biziberritzeko aukera izanen dugu.

Nola bizi dituzu emanaldiak?
Urduri eta gogotsu bizi izan ditut. Niretako urrezko bi momentu izaten dira emanaldietan: oholtzara igo aitzinetik izandako bizipenak eta, dantzan gaudela, jendearengandik jasotako erantzunak gorputzean eragiten duen eta azal ezina den sentsazioa.

Ondotik, udan bertze nonbait ikusiko zaituztegu?
Oraindik ez dugu deus lotu baina dantzan aritzeko gogoz gaude eta bertze herrietan emanaldiren bat ematea gustatuko litzaiguke.

Uztailean eta abuztuan entseguekin segituko duzue?
Hori da asmoa. Hala ere, normalean udan zailtasun gehiago izaten dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun